Ekonomia -

Oporrak

Aspaldiko oporrik garestienak ekarri ditu aurtengo udak

Hoteletako egonaldien, hegaldien eta pakete turistikoen prezioek goranzko joera geldiezina dute 2022tik, pandemiaren murrizketak kendu zirenetik.

Hotelen prezioek asko egin dute gora pandemiaren ondoren. Argazkia: EITB Media.
Hotelen prezioek asko egin dute gora pandemiaren ondoren. Argazkia: EITB Media.
Hotelen prezioek asko egin dute gora pandemiaren ondoren. Argazkia: EITB Media.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uda iritsi da eta, garai honetan ohikoa denez, oporren prestaketetan murgilduta dabil jende asko. Ziur aski, asko izango dira aurten ezusteko bat baino gehiago izan dutenak prezioak ikustean. Izan ere, hotelen, apartamentuen, kanpinen, hegaldien eta pakete turistikoen salneurriak izan dira azken hilabeteetan gehien igo direnak.

Estatuko Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu zituen Kontsumorako Prezioen Indizearen maiatzeko datuak esanguratsuak dira: urtea hasi zenetik, hotelak % 24,9 garestitu dira, hegaldiak, oro har, % 6,6; kanpinak % 4,7 eta Estatu barruko pakete turistikoak % 4,9.

Ondorioz, iaz baino garestiago daude oporretako produktu gehienak. Prezioak iazko maiatzeko datuekin alderatuta, hotelak % 9,4 garestiago daude, kanpinak % 4,7 garestiago eta Estatu barruko pakete turistikoak % 17,7 garestiago. Gehien garestitu dena, ordea, pertsonak itsasoz garraiatzea da; zehazki, iaz baino % 22,2 altuago dago prezioa aurten.

Kontrara, nazioarteko hegaldiak eta nazioarteko pakete turistikoak 2023ko maiatzean baino merkeago daude; prezioak % 7,5 eta % 0,6 jaitsi dira, hurrenez hurren.

Pakete turistikoen KPIa azken urteetan. Argazkia: EITB Media.

Pandemia mugarri

Covid-19aren pandemia izan zen turismoaren sektorea erabat irauli zuena. Ezarritako murrizketen ondorioz, hotelen, egonaldien, hegaldien eta abarren prezioek beherakada handia izan zuten 2020ko uztailetik 2021eko ekainera arte. Adibide bat jartzearren, hotelen prezioak % 20 inguru jaitsi ziren hainbat hilabeteetan tarte horretan.

2021eko uztailean, ordea, egoerari buelta eman zitzaion, prezioek goranzko joera hartu zuten, eta, 2022an bereziki, hileko igoerak oso handiak izan ziren. Urte horretako apirilean, maiatzean eta ekainean hotelen prezioak % 45 eta % 51 artean igo ziren hilero, aurreko hilabetearen alderatuta. 2023an, hotelen prezioek igotzen jarraitu zuten, nahiz eta neurri txikiagoan egin, eta 2024an ere joera horri eutsi diote. Beraz, esan daiteke hoteletako prezioek nabarmen gainditu dutela pandemiaren ondorioz izandako prezioen jaitsiera.

Hegaldiei dagokienez, igoera handienak 2023an izan ziren, aireportuetako tasak eta erregaiaren prezioa igo egin zirelako.

Datuak ikusita, esan daiteke aspaldiko urteetako oporrik garestienen aurrean gaudela. Prezio-igoera hori, neurri batean, dagoen eskariagatik gertatzen ari da. Zumaiako BQD agentziako arduradun Lore Urangaren hitzetan, "pandemiaren ondoren, carpe diem egoera batean gaude. Jendeak momentua bizi nahi du, bidaiatu eta oporretara joan".

Hori bai, pandemiaren aurretik ohikoa zen bezeroek lehendabizi bisitatu nahi zen lekua aukeratzea eta ondoren, horren araberako aurrekontua ezartzea. Orain alderantziz egiten dute Urangaren esanetan: lehenengo aurrekontua finkatzen dute eta ondoren erabakitzen da nora joan.

Azaldu duenez, destino guztietan eta ostatu mota guztietan igo dira prezioak, baina une honetan badira eskuragarriagoak diren hainbat leku. Hori dela eta, bereziki gomendatzen du euskal aireportuetatik Albaniara, Esloveniara edo Cabo Verdera doazen bidaiak egitea.

Lore Uranga: ''Aurrekontua garbi daukatela etortzen dira bezeroak bidaia-agentziara''
Lore Uranga: ''Aurrekontua garbi daukatela etortzen dira bezeroak bidaia-agentziara''
Lore Uranga: ''Aurrekontua garbi daukatela etortzen dira bezeroak bidaia-agentziara''

2:08
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskadi bideoak KPI albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Oporrak Udako albisteak Bidaiak Turismo-apartamentuen albisteak