Ekonomia -
Elikadura
Oliba-olioak eta oinarrizko elikagaiek ez dute BEZik izango uztailetik irailera bitartean
Neurri honen helburua "oliba-olioaren kontsumoa babestea eta sustatzea da, produktu osasungarria baita eta lehortearen eta beste arrazoien ondorioz garestitu baita", Espainiako Gobernuaren hitzetan.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak astearte honetan onartu du BEZa % 0ra jaistea oinarrizko elikagaietan (ogia, arrautzak, barazkiak edo fruta) eta oliba-olioan irailaren 30era arte; tasa, berriz, % 2ra igoko da urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, azken hiruhilekoan elikagaien inflazioaren aurreikuspenak behera egingo duen aldi berean.
Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta lehen presidenteordeak Ministroen Kontseiluaren prentsaurrekoan azaldu duenez, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazkek eragindako ondorio ekonomikoei, baita sozialei ere, aurre egiteko neurriak luzatzeko dekretua onartu dute astearte honetan.
Dekretu horren berritasun garrantzitsu bat da oliba-olioaren BEZa % 0ra jaitsiko dela uztailaren 1etik aurrera, eta irailaren 30era arte mantenduko dela. Ondoren, % 2an kokatuko da urriaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
Gainera, Ogasun ministroak iragarri du produktu hori hemendik aurrera oinarrizko produktuen eta elikagaien saskian sartuko dela, eta, beraz, tasa murriztua izango duela beti.
Tasa supermurriztua % 4koa da Espainian. Horrek esan nahi du tasak normaltasunera itzultzen direnean, oliba-olioaren BEZa % 4 izango dela, eta ez aurreko aldi osoan jasaten zuen % 10a.
Halaber, irailaren 30era arte luzatuko dira pastarentzako eta hazi-olioentzako BEZaren % 5eko tasak. Urriaren 1etik abenduaren 31ra arte, Europako Batzordeak krisiaren aurkako neurriak pixkanaka kentzeko emandako gomendioei jarraituz, tasa % 7,5ekoa izango da.