Ekonomia -
Negoziazio mahaia
Lan Ministerioak patronalei astebeteko epea eman die lanaldi-murrizketari buruzko proposamenak aurkezteko
"Gobernuak aurreikusten ez duen gauza bakarra negoziazioa gehiago luzatzea da", ohartarazi du Joaquin Perez Rey Enplegu Estatu idazkariak. "Datorren astelehenean patronalaren proposamenik gabe bilerara bagoaz, erabaki bat hartu beharko dugu", erantsi du.
Agentziak | EITB Media
Lan Ministerioak CEOE eta Cepyme patronalei aurpegiratu die gaur Espainiako Gobernuak lanaldi-murrizketari buruz egindako planteamenduei proposamen idatzirik aurkeztu ez izana, eta datorren asteleheneko bilerara eramateko deia egin die.
"Gobernuak aurreikusten ez duen gauza bakarra negoziazioa gehiago luzatzea da", ohartarazi du Enplegu Estatu idazkari Joaquin Perez Reyk, elkarrizketa sozialeko mahaiaren bileraren amaieran, indarrean dauden asteko 40 orduetatik 38,5 orduetara eta 2025ean 37,5 orduetara murrizteko.
"Datorren asteleheneko batzarrera patronalaren proposamenik gabe bagoaz, erabaki bat hartu beharko dugu", adierazi du Perez Reyk.
Estatu idazkariak gogorarazi du PSOEren eta Sumarren Gobernu akordioan jasotako neurri horren negoziazioa urte hasieran hasi zela, eta patronalak eta sindikatuek bi aldeko negoziazio paraleloa ireki zutela, baina horrek ez duela emaitzarik eman.
"Mahaiak lanak egin eta ia sei hilabetera ez dago proposamen idatzirik", aurpegiratu du Perez Reyk.
Azpimarratu duenez, Espainiako Gobernua ez da aparteko orduen muga igotzeko eztabaidan sartuko, hori baita patronalari eta sindikatuei itun batean aurrera egitea eragotzi zien oztopo nagusia.
Halaber, gogorarazi du murrizketa ordutegi-erregistroan aldaketak eginez martxan jarriko dela, digitala izango baita, neurria betetzen dela modu eraginkorrean kontrolatzeko.
Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak joan den astean aurreratu zuen Diputatuen Kongresura testu bat lehenbailehen bidaltzeko asmoa.
Mari Cruz Vicente CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariak ziurtatu duenez, lanaldia murriztea "sindikatuen aldarrikapena eta eskubideen aurrerapen nabarmena da", baita "justizia soziala ere", behargin batzuek ez baitute hitzarmen kolektiboen babesik.
"Gobernuaren proposamena bat dator UGTren helburuekin", ziurtatu du Fernando Lujan Politika Sindikaleko idazkariordeak, eta patronalari "iritzia emateko eta murrizketa urteko zenbaketan oinarrituz negoziatzeko prest dagoen esateko" eskatu dio, sei hilabeteren ostean "oraindik ez dutelako argitu zalantza hori".