Ekonomia -
Lan-erregulazioko espedientea
Cementos Rezolako langileek greba mugagabea abiatuko dute ekainaren 28tik aurrera
Heidelberg Materials konpainiako zuzendaritzak Añorgako lantegian aplikatu nahi duen espedienteak 56 langileri eragingo die.
Agentziak | EITB Media
Heidelberg Materials (Cementos Rezola ohia) enpresako langileek (Donostiako Añorga auzoan dago) greba mugagabea egingo dute datorren ostiraletik aurrera, hilak 28, zuzendaritzak lantegian aplikatu nahi duen lan-erregulazioko espedientearen aurka. Neurriak 56 behargini eragingo die.
Joan den ekainaren 10ean, porlan fabrikazioaren deskarbonizazio-prozesu baten barruan klinkerraren ekoizpena geldiarazi zela iragarri ondoren, lantegiko zuzendaritzak joan den asteartean jakinarazi zuen geldialdi horren ondorioz espediente batek 56 langileri eragingo diela.
Heidelberg Materialsek jakinarazi zuen "behargin guztientzako lan-alternatiba" diseinatu zuela, eta 15 aurre-erretiro, 30 barne-birkokatze (konpainiako beste lantegi batzuetan) eta 11 kanpo-birkokatze eskaini zituela.
ELA sindikatuak ohar batean gaur azaldu duenez, enpresak "CO2 isuriak erabiltzen ditu neurria aplikatzeko" eta, ondorioz, Añorgan "klinkerra egiteari utzi nahi dio".
Enpresa-batzordeak argi dauka "bidezko trantsizio ekosoziala egitea guztiz beharrezkoa dela enpresa honetan zein beste batzuetan", baina trantsizio hori "ez da langileen kontura" egin behar, eta "lanpostuak bermatu" behar direla azpimarratu du.
Hilaren 18an espedientearen kontsulta epea hasi zela eta enpresak hartu nahi dituen neurriak ikusita, gaur langileek batzarra egin dute, eta datorren ostiralean, hilak 28, greba mugagabea abiatzea erabaki dute, euren lanpostuak defendatzeko.