Ekonomia -

osakidetza

ELAk salatu du Lehen Arretan urtean 180 egunetan ezartzen direla murrizketa zuzenak

Sindikatuak nabarmendu du uda honetan murrizketak hilabete lehenago iritsi direla eta osasun-zentroen itxierak eta ordutegien murrizketak 10 zentrotik seiri eragingo diela uda honetan. Egoera honen aurrean plan bat eskatu dio gobernu berriari.

ELAren prentsaurrekoa. Irudia: ELA
ELAren prentsaurrekoa. Irudia: ELA
ELAren prentsaurrekoa. Irudia: ELA

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzan, Lehen Arretan urtean 180 egunetan murrizketak daudela salatu du ELA sindikatuak, ez soilik opor sasoian, eta nabarmendu du osasun-etxeen itxierak eta ordutegi murrizketak 10 zentrotik seiri eragingo diela. Gainera, sindikatutik esan dute aurten hilabete lehenago aplikatuko direla murrizketa horiek, ekainetik irailera, lau hilabetez.

Esther Saavedra Osakidetzako arduradunak astelehen honetan eskainitako prentsaurrekoan azpimarratu duenez, "Osakidetzako osasun-zentroen itxiera eta ordutegien murrizketa ohiko bihurtu da azken urteetan udan, baita Gabonetan eta Aste Santutako hilabeteetan ere".

Halaber, murrizketa horiek "urtetik urtera handiagoak" direla adierazi du eta denboran gehiago irauten dutela. Hala, Osasun Sailari egotzi dio "erabaki politikoagatik egiturazkoa den arazo bat konpontzeko neurri bakar bat ere" hartu ez izana"

Saavedrak zehaztu du Osakidetzak emandako datuen arabera, ekaina eta iraila bitartean 339 zentrotatik 126tan ezarriko direla murrizketak. Horrez gain, gogorarazi du 2022an udako murrizketak uztailetik aurrera aplikatzen zirela, eta aurten "hilabete lehenago" hasi direla, ekainean, hain zuzen ere.

Osasun etxeei dagokionez, Bidasoako eta Errioxako ESIetan, lehen aldiz ezarriko dira murrizketak aurtengo udan, sindikatuaren arabera, eta Bilbo-Basurtu ESIn iaz baino % 10 murrizketa gehiago egingo dira. Lau hilabete horiei Gabonetako eta Aste Santuko murrizketak gehitu behar zaizkiela gogorarazi du eta, beraz, haien kalkuluen arabera, lehen arretako zentroek urtean 180 egunez izango dituzte murrizketak.

Gainera, erretiroei aurre egiteko plan baten faltan, ELAk gogorarazi du egoerak okerrera egingo duela hemendik aurrera; izan ere, langileen batez besteko adina 50 urtekoa da.

Gauzak horrela, ohartarazi du egoera horrek okerrera egingo duela neurriak hartzen ez badira; izan ere, "legegintzaldi berri baten atarian, Osakidetza duela 4 urte baino okerrago dago", azpimarratu du. Horren guztiaren aurrean, sindikatuak egoera horri aurre egiteko plan bat eskatu dio gobernu berriari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba ELA Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea Lehen Arretako zentroak