Ekonomia -

Goi-tentsioko linea

Zierbenako alkateak, Solariaren proiektuaz: "Energia berdeak dira bidea, baina ez edonola"

Eugenio Mendikotek azpimarratu duenez, Udaletik jakitun dira industria sektoreak duen garrantziaz, baina uste dute halako proiektuek ingurumen irizpideak bete behar dituztela, eta "herritarrei ahalik eta kalte txikiena egin".

Zierbenako arrantza portua, atzean goi-tentsioko lineak dituela. EITB Media
Zierbenako arrantza portua, atzean goi-tentsioko lineak dituela.
Zierbenako arrantza portua, atzean goi-tentsioko lineak dituela. EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Solaria enpresak Bizkaiko hainbat udalerritan jarri nahi duen goi-tentsioko linearen kontrako jarrera berretsi du gaur Eugenio Mendikote Zierbenako alkateak. Konpainiak hainbat instalazio fotovoltaiko instalatzeko asmoa du Araban, eta han sortutako energia, linea horren bidez, Zierbenako azpiestaziora eraman. 

Mendikotek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan esan duenez, Udalak badaki EAEko industriak ekonomian zein pisu duen, eta trantsizio energetikoaren beharra aldarrikatu du. Alkatearen hitzetan, "hori da bidea, baina ez edonola. Gure herrian sortutako energia berriztagarriak behar ditugu, baina horrelako proiektuek ingurumen irizpideak bete behar dituzte, eta herritarrei ahalik eta kalte txikiena egin", arrazoitu du. 

Mendikotek prentsaurrekoa eman zuen atzo Meatzaldeko eta Enkarterriko EAJren beste alkate batzuekin, enpresari ibilbidea aldatzea eskatzeko. "Denok partekatzen dugun iritzi bat da", argitu du. 

Alkate jeltzalearen arabera, goi-tentsioko hainbat dorre dituzte udalerrian, gertu baitute Bilboko Portuko azpiestazioa, eta Solariaren egitasmo horrek beste zazpi ekarriko lituzke, "gaur egun ditugunak baino handiagoak". "Bilboko Portuaren handitzea dugu ondoan, eta ekonomikoki gauza onak ditu, baina baita zailtasunak ere", adierazi du. 

"Herritarrentzat zaila da proiektu hau ulertzea. Ez da ulergarria eguzki-zentral batek 100 kilometroko ibilbidea izatea", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abanto Zierbena Enpresaburuak Elektrizitatea Energia berriztagarriak Energia ekoizpena gaur