Ekonomia -

EUSTAT

EAEko Barne Produktu Gordina % 1,7 hazi da lehen hiruhilekoan, eta 19.000 lanpostu baino gehiago sortu dira

2023ko laugarren hiruhilekotik 2024ko lehen hiruhilekora, BPGak % 0,6 egin du gora, eta enpleguak, berriz, % 0,5.

Barne Produktu Gordinaren bilakaera EAEn. Grafikoa: EiTB Media
Barne Produktu Gordinaren bilakaera EAEn
Barne Produktu Gordinaren bilakaera EAEn. Grafikoa: EiTB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 1,7 hazi da 2024ko lehen hiruhilekoan, iazko epe bereko datuekin alderatuta, Eustatek gaur plazaratu dituen datuen arabera.

Iazko laugarren hiruhilekotik aurtengo lehenengora, berriz, BPGak % 0,6 egin du gora.

Gauzak horrela, Eustatek hamarren bat hobetu ditu apirilaren amaieran EAEko ekonomiari buruz egindako aurreikuspenak. Orduan aurreratu zuen urte arteko hazkundea % 1,6koa izan dela, eta hiruhilabete artekoa, berriz, % 0,5ekoa.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, ekonomiaren urteko hazkundea % 1,2koa izan da Araban, % 1,7koa Bizkaian, eta % 1,9koa Gipuzkoan. Aurreko hiruhilekoaren aldean, berriz, BPGa % 0,7 hazi da Araban eta Gipuzkoan, eta % 0,6 Bizkaian.

Bestalde, enpleguaren inguruan egindako aurreikuspenak bete egin dira. Enpleguak, lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, % 2 egin du gora, aurreko urtean baino 19.349 lanpostu gehiago zenbatu baitituzte. Azken hiruhilekoan, ostera, igoera % 0,5ekoa izan da.

Enpleguaren urte arteko bilakaera positiboa izan da sektore guztietan, lehen sektorean izan ezik, % 0,7 egin baitu atzera. Gainerakoetan, igoerak izan dira aurreko urteko hiruhilekoaren aldean: % 1,1 Industrian, % 0,3 Eraikuntzan eta % 2,4 Zerbitzuetan.

Eusko Jaurlaritzak aurtengo eta datorren urteko hazkunde aurreikuspenei eutsi die

Eustaten azken datuak ezagutu berritan, Eusko Jaurlaritzak 2024ko eta 2025eko hazkunde aurreikuspenei eutsi die. Horren arabera, EAEko ekonomia % 1,9 haziko da aurten, eta % 2,1, berriz, 2025ean.

Datu makroekonomikoak, ekonomiaren eboluzioa eta interes-tasen jaitsiera aintzat hartuta, Jaurlaritzaren ustez, "mahai gainean ez dago seinalerik zalantzan jartzeko" Ekonomia eta Ogasun Sailak egindako aurreikuspenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Eustat BPGd