Ekonomia -

LEHEN SEKTOREA

Nekazarien protestek garraio-sektorean "galera handiak" eragin dituztela salatu du Guitrans patronalak

"Garraio-sektorearentzat zaila den testuinguruan" ematen direla adierazi du Gipuzkoako garraioaren patronalak, eta "merkantzien garraioa berriro ere kaltetuena" dela ziurtatu du.

Nekazariek eta abeltzainek Biriatuko mugan egindako protestak. Argazkia: EFE
Nekazariek eta abeltzainek Biriatuko mugan egindako protestak. Argazkia: EFE
Nekazariek eta abeltzainek Biriatuko mugan egindako protestak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nekazariek eta abeltzainek Irungo mugan (Gipuzkoa) egindako protestek "galera handiak eta berreskuraezinak" eragin dituzte garraiolarien sektorean, Guitrans Gipuzkoako garraioaren patronalak astearte honetan salatu duenez.

"Merkantzien garraioa da, berriro ere, kaltetuena", adierazi du Guitransek ohar batean. Hala, ekainaren 3tik 4ra nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreak egindako lanuzteak deitoratu ditu patronalak, nazioarteko garraiolariei eta mugaren alde horretako enpresei eragindako "kalte ekonomikoengatik", Frantziatik datozen "salgaien mende" baitaude.

"Kamioi batek 55 euro galtzen ditu geldirik egoten den ordu bakoitzeko, eta, gainera, ezin izango dira aurreikusitako garraio-lanak burutu", azpimarratu du. Ildo horretatik, Biriatuko mugatik "egunean 10.000 ibilgailu baino gehiago" igarotzen direla gogorarazi du, eta, ondorioz, "milioika euroko galerak" dituztela.

"Blokeoaren ondorioak ere kontuan hartu behar dira"; izan ere, "35 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira, okupazio handiko bide guztietan. N-I, A-15 eta AP-8 errepideak ordu luzez kolapsatuta egon dira, eta milaka kamioi harrapatuta", zehaztu du Guitransek.

Gainera, egoera hori guztia "garraio-sektorearentzat zaila den testuinguruan" ematen dela gogorarazi du patronalak, "kostuaren azpitik lan egiten duten enpresen lehia desleiala ere pairatzen baitu sektoreak".

"Badakigu -azaldu du Guitransek- nekazariek badituztela haien aldarrikapenak gauzatzeko arrazoiak, baina kontuan izan behar dute gure sektorea ez dela haien arazoaren parte, eta, hala eta guztiz ere, modu basatian pairatzen ditugu ondorioak".

"Galerak oso handiak eta berreskuraezinak dira, eta krisia bere gain jasaten ari den lehen sektoreak hori baloratzen jakin beharko luke", gaineratu du Gipuzkoako garraioaren patronalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Brusela Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Manifestazioak Nekazaritza A-15 autobia Lan gatazkak Lapurdi Abeltzaintza Merkantzia-garraioa AP-1 autobidea