Ekonomia -

Lan istripua

29 urteko langile bat hil da, maiatzaren 16an Sestaon lan istripua izan ondoren

Hildako gizona iturgin lanak egiten ari zela altueratik etxebizitza bateko patiora erori zen. LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea deitu dute datorren astearterako, Barakaldon, beharginaren heriotza salatzeko.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

29 urteko gizon bat hil da bart, maiatzaren 16an Sestaon izandako lan istripu batean jasandako zauri larrien ondorioz, ELA sindikatuak gaur jakinarazi duenez.

Sindikatuaren arabera, iturgin lanak egiten ari zela altueratik etxebizitza bateko patiora erori zen.

Hildakoa birritan azpikontratatutako langilea zela salatu du sindikatuak. Sirkus Sistema de Tiendas SL enpresak azpikontratatu zuen eta, era berean, Sirkus enpresa Leroy Merlinek azpikontratatuta zuen.

Azpikontratazioak prebentzioa eta segurtasuna kaltetzen dituela nabarmendu ostean, diruaren gainetik pertsonen osasuna eta bizitza lehenesteko "borondate politikoa" behar dela salatu du ELAk.

Urtea hasi zenetik 27 langile hil dira lan istripuetan, ELAk egindako kontaketaren arabera. Zehazki, Bizkaian sei dira hildakoak.

LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea deitu dute datorren astearterako, beharginaren heriotza salatzeko eta "azpikontratazio kateak hil" egiten duela ohartarazteko. Protesta Barakaldoko Leroy Merlin aurrean egingo dute 12:30etatik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Sestao Bizkaia ELA Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak