Ekonomia -
Auzitegi Gorenaren epaia
Eusko Jaurlaritzak dio enplegu publikoa egonkortzeko bere prozesuek "segurtasun juridikoa" dutela
Gobernantza Publikoko Sailaren arabera, bitarteko langileak automatikoki finko egitea errefusatu duen Auzitegi Gorenaren epaiak "aldi baterako lan kontratuei" eragiten die.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu publikoa egonkortzeko pasa den legegintzaldian egin diren prozesuak "segurtasun juridikoa" dutela eta "fase oso aurreratuan" daudela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak. "Gaur egun, emaitzen zerrenda argitaratuta, prozesu horiek azken fasean daude", dio hitzez hitz Gobernantza Publikoa eta Autogobernua Sailak kaleratu duen oharrak.
Auzitegi Gorenak bitarteko langileen inguruan emandako azken ebazpenaren ondotik sortutako zalantzen aurrean hainbat argibide eman ditu gaur jardunean dagoen Jaurlaritzak. Azaldu duenez, bitarteko langileak automatikoki finko egitea errefusatu duen epaiak "aldi baterako lan kontratuei" eragiten die.
Halaber, Olatz Garamendi buru duen Sailak zehaztu duenez, aipaturiko prozesuak "lehia askekoak dira eta izangaien lehia bermatzen dute, edozein modalitatean, bide berezitik edo ohiz kanpokotik". "Lan-eskaintza publiko horiek une oro bermatu dute berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta lehia askea, hau da, hautagaien arteko lehia. Eta une oro bitarteko langileek metatutako esperientzia eta antzinatasun luzea aitortu dute".
Gasteizko Exekutiboak egindako kalkuluen arabera, 2024. urtearen amaierarako "karrerako funtzionarioek beteko dituzte Administrazio Orokorrean hutsik dauden 3.700 lanpostu inguru". "Prozesu horren guztiaren ondoren, egiturazko behin-behinekotasuna Europak ezarritako % 8tik behera geratuko da".