Ekonomia -
lana
"Lan baldintzak hobetzea" izango da datozen urteetako erronketako bat, lehendakariaren ustez
Iñigo Urkullu Smurfit Kappa Nervion paper fabrikaren lantegi berria inauguratzen izan da gaur Iurretan, eta "bateragarritasun, etengabeko prestakuntza edo garapen profesionalerako aukera gehiago eskaintzen saiatzea" babestu du.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariaren iritzian, "lan baldintzak hobetzea" izango da, ziur aski, "hurrengo urteetako erronka nagusietako bat", eta baldintzok "egunero hobetzearen" alde egin du, bateragarritasun, etengabeko prestakuntza edo garapen profesionalerako aukera gehiago eskainita.
Lehendakaria Smurfit Kappa Iurretako (Bizkaia) paper-fabrikaren hondakinak kudeatzeko eta berreskuratzeko instalazio berriaren inaugurazioan izan da goizean, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuarekin batera.
Agerraldian nabarmendu duenez, "industria ehun indartsurik gabe ez dago aurrerapenik", eta horrek, bere iritzian, "etengabeko hobekuntza" eskatzen du. Ildo horretan, Smurfit Kappa enpresak eta erakunde publikoek egindako "apustu estrategikoak" txalotu ditu, horiei esker, lortu baita, Urkulluren aburuz, azken hamarkadako hazkundea eta langabezia tasaren jaitsiera nabarmena. "Gaur Euskadin milioi bat pertsona baino gehiago daude lanean eta kotizatzen", azpimarratu du.
EAEko enpresaburu baten adierazpenak ekarri ditu gogora lehendakariak, eta "iltzatuta" geratu zitzaizkiola aitortu du. Esan zionez, "langileei duin ez ezik, ondo ordaindu behar zaie euren beharragatik".