Ekonomia -
Epaia
Bitarteko langileak automatikoki finko egitea baztertu du Auzitegi Gorenak
Gorenaren arabera, hautaketa prozesu bat gainditu gabe langile finko bihurtzea "bateraezina" da Espainiako Administrazio Publikoa arautzen duen sistemarekin.
Agentziak | EiTB Media
Auzitegi Gorenak kaleratutako epai batek dio bitarteko langileak automatiko finko egitea "bateraezina" dela Espainiako Administrazio Publikoa arautzen duen sistemarekin, "berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioetan" oinarrituta baitago.
Gaztela eta Leongo Juntak doktrina bateratzea eskatuz kasazio helegitea aurkeztu zuen eta horri erantzunez emandako epaia da. Gorenaren arabera, EBko Justizia Auzitegi Nagusiaren otsailaren 22ko epaitik abiatuta ezin da "inola ere" bitarteko langilea modu automatikoan finko egiteko neurria hartu. Ildo horretan, dio aldi baterako langileen eta langile finkoen arteko tratu ezberdintasuna ahalbidetzen duela 1999/70/CE Europako zuzentarauak.
EBko Justizia Auzitegiak pasa den otsailean emandako epaian zioen Espainiako legediak ez duela eragozten aldi baterako kontratazioen abusua egitea. Hori dela eta, konponbide gisa, kaltetutako langileak finko egitea proposatzen zuen.
Gorenaren arabera, EBko Justizia Auzitegiaren epai hori ezin da ulertu langile mugagabe ez finkoak automatikoki langile finko bihurtzen dituela. "(Langile) Mugagabea ez da finkoa, Administrazioan edo enpresa publikoan lanpostu finko bat lortzeko hautaketa prozesurik egin ez duelako", azaldu du.
Gauzak horrela, Gorenak aintzat hartu du Gaztela eta Leongo Juntak autonomia erkidego horretako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren kontra aurkeztutako kasazio helegitea. Sententzia horren arabera, erizain laguntzailea den langile mugagabe ez finko batek lekualdatze lehiaketa batean parte hartzeko eskubidea du, finkoa ez izan arren.
Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiaren epai horren aurka errekurtsoa jarri zuen bertako Gobernuak. Helegitean zioen errekurritutako epaiaren eta Extremadurako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako beste baten artean kontraesana zegoela; izan ere, azken horretan langile mugagabe ez finko bati ukatu egiten zitzaion lekualdatze lehiaketa batean parte hartzeko eskubidea.
Auzitegi Gorenak kontraesana ikusten du bi epaien artean, bi kasuetan lan kontratu mugagabe ez finkoak dituzten langileak direlako, erakunde publiko batean zerbitzua ematen dutenak eta lekualdatze lehiaketa batean parte hartzea eskatzen dutenak.