Ekonomia -

FUTBOLA

'Superliga auzia'ren epaileak ebatzi du UEFAk eta FIFAk gehiegikeriaz jokatu zutela lehia askea galaraziz

Bi erakundeek "neurriz kanpoko" eragozpenak inposatu zituztela eta, "lehiakortasunaren aurkako" jokabideak bertan behera uzteko eskatu die. Gaur egun Barçak eta Real Madrilek soilik babesten dute Superliga.

Real Madrileko eta Barçako jokalariak. Argazkia: EFE
Real Madrileko eta Barçako jokalariak. Argazkia: EFE
Real Madrileko eta Barçako jokalariak. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Merkataritza Auzitegiko 17. Aretoko magistratuak, Superligaren auzia daramanak, ebatzi du UEFAk eta FIFAk gehiegikeriaz erabili zutela merkatuan duten nagusitasuna lehia askea galarazteko, eta aintzat hartu du, hein batean, European Super League Company S.L.-k (ESLC), Florentino Perez Real Madriden presidenteak sustatutako Superligaren jabeak, aurkeztutako salaketa.

Gaur jakinarazitako ebazpenean agertzen denez, UEFAk eta FIFAk lehia askerako eskubidea urratu dute futbol taldeei beste lehiaketa batzuetan parte hartzea debekatuz eta Europar Batasunaren Funtzionamendurako Ituneko 101 eta 102 artikuluak urratzen dituzten eragozpen "neurrigabeak" inposatuz.

Sofia Gil magistratuak "lehiaren aurkako" jokabideak bertan behera uzteko eta etorkizunean halakorik ez egiteko eskatu die bi erakundeei. Era berean, prozesu guztian zehar irekitako zigor izapide guztien eragina eteteko eskatu die.

2021eko apirilaren 18an hasi zen prozesua, Superligak poriektua martxan jartzeko asmoaren berri eman zuenean. UEFAren eta FIFAren erantzunaren aurrean, ESLCk salaketa jarri zuen.

Epaileak uste du ezin dela debekatu bestelako proiektuak aurkeztea edo aurkeztutakoa aldatzea, "kontrakoa onartzeak debekatu egingo bailieke salatzaileei futbol lehiaketa gehiago aurkeztea".

Ebazpena ez da irmoa eta helegitea jartzeko aukera dago Madrilgo Lurralde Auzitegiaren 28. Sekzioan.

2021eko apirilean iragarri zuten Europako 12 klubek, tartean Real Madrilek eta FC Bartzelonak, Superliga abian jartzeko asmoa, baina UEFAren eta FIFAren mehatxuen aurrean, Real Madrilek, Barçak eta Juventusek soilik jarraitu zuten, eta gaur egun, talde madrildarra eta kataluniarra dira proiektua babesten duten bakarrak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Real Madril FC Bartzelona