Ekonomia -
Industria
Makina-erreminta sektorearen fakturazioa % 22,6 hazi zen 2023an, "marka historikoa"
Sektoreak aurten ere "antzeko fakturazio-zifrak" lortzea aurreikusten ditu, nahiz eta urteko lehen lau hilabeteetan eskaerak % 14 jaitsi diren aurreko urteko batez bestekoarekin alderatuta.
Agentziak | EITB Media
Makina-erreminta sektorearen fakturazioak % 22,6 egin zuen gora 2023an, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, 2.157 milioi euroraino, "marka historikoa", eta aurtengo urterako "antzeko fakturazio-zifrak" aurreikusten ditu, nahiz eta urteko lehen lau hilabeteetan eskaerak jasotzea % 14 jaitsi den aurreko urteko batez bestekoaren aldean.
Donostian emandako prentsaurrekoan, Jose Perez Berdud Makina-erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteko (AFM) presidenteak, Xabier Ortueta kluster horretako zuzendari nagusiarekin batera, iazko itxierako behin betiko emaitzen berri eman du. Era berean, AFMren Batzar Orokorra eta Fabrikazio Aurreratuaren Eguna Gipuzkoako hiriburuan egin direla jakinarazi du. Bestalde, 32. BIEMH azoka ekainaren 3tik 7ra Bilbon 1.400 enpresa baino gehiago bilduko dituela azaldu du.
Ortuetak azpimarratu duenez, fabrikazioko teknologia aurreratuen eta makina-erreminta sektoreak 2023aren amaieran, "espero baino askoz hobea izan den urtea", lortu du fakturazioa "marka historikoa", "2022ko zifrekin alderatuta % 22,6ko hazkundearekin", "2.157,3 milioi eurora" iritsi arte.
Esportazioei dagokienez, Perez Berdudek nabarmendu du 2023an ere "markak haustea" lortu dutela, % 21,8ko igoerarekin, 1.611,9 milioi eurora iritsi arte.
Eskaerei dagokienez, Ortuetak adierazi du 2023an "kopuru ona erdietsi zutela (+% 12)". Abendura arteko negozio erakarpenak emaitza oso positiboa izan zuen Amerika iparraldeko herrialdeetan (batez ere AEBn eta Mexikon), Europan bere horretan mantendu zen, Alemaniaren eta Italiaren egoerak gorabehera, eta Asian behera egin zuen, "Txinako eskariaren jaitsieragatik, lau urteko etengabeko hazkundearen ondoren".
Horrela, 2024ko lehen lau hilabeteetan eskaerak "% 4" jaitsi direla onartu du, iazko lehen lau hilabeteekin alderatuta, eta urteko batez bestekoa hileka eginez gero, eskaerek "% 14 egin dute behera, agian kopuru errealagoa".
"Aurreikuspenak egiteko goiz bada ere, zaila izango da iazko kopuruetara heltzea", aitortu du, baina 2023ko itxieraren "antzeko" fakturazio-zifrak izatea espero du, 2024koarekin alderatuta. Aurten eskaera berriak lortzeko "merkatuan borrokatu" beharko dutela uste dute , eta ikuspegi ekonomikotik 2025a "nahiko ona" izango dela.
Bestalde, Perez Berdudek esan du fabrikazio aurreratuaren sektorearen "erronka handiena" dela "pertsona kualifikatuak aurkitzea". Horretarako, AFM Clusterrak, fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren sektoreko 800 enpresa baino gehiago biltzen dituenak, Joind plataforma sortu du.