Ekonomia -

Banketxeak

BBVAk Sabadell erosteko eskaintza oldarkorra egin du

Carlos Torres buru duen banketxeak hala jakinarazi dio Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari, Kataluniako finantza erakundearekin bat egiteko proposamenak kale egin ostean. Sabadellen akziodunen erdiak onartu behar du operazioa; gehienak inbertsio funts handiak dira.

Sabadell eta BBVA banketxeen egoitzak, EITB Mediak egindako argazki batean.
Sabadell eta BBVA banketxeen egoitzak, EITB Mediak egindako argazki batean.
Sabadell eta BBVA banketxeen egoitzak, EITB Mediak egindako argazki batean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBVAk Sabadell Erosteko Eskaintza Publiko (EEP) oldarkorra egin du gaur, ostegunarekin. Lau egun baino ez dira igaro Kataluniako finantza erakundeak BBVAren bat egiteko proposamena baztertu zuenetik. Hain justu, BBVAk orduko hartan egindako eskaintzaren baldintza berak ditu operazio honek. 

Hori horrela, BBVAren akzio bakoitzeko Sabadellen 4,83 titulu eskaini dizkie akziodunei, Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari helarazitako komunikazioan jasotzen denez. Esku dirutan, 2,12 euro dira Sabadellen akzio bakoitzeko. 

Onartua izateko Sabadellen akziodunen erdiak eman beharko dio oniritzia. Akziodunek izango dute, beraz, azken hitza. Akziodunen artean % 50 baino gehiago inbertsio funts handiak dira (asko eta asko BBVAn ere badaude), gainerakoak inbertitzaile txikiagoak. 

BBVAk akziodunen batzar nagusia deitu du erosketarako beharko diren akzio berrien jaulkitzeari buruz erabakitzeko. 

Sabadellek erosteko eskaintzaren kontra dagoela berretsi du eta astelehenean kaleratutako oharrean esandakoari lotu zaio. Bat-egitea baztertu zuen orduan Kataluniako bankuak, operazioak "gutxietsi" egiten zuelakoan. 

Bat-egitea 2025eko erdialdean itxiko litzateke

BBVAren ustez, eskaintza oldarkorra ixteko sei eta zortzi hilabete artean beharko lituzke, beharrezko baimenak lortu ondoren; xurgapen bidezko bat-egitea, berriz, 2025eko erdialdean osatuko litzateke.

Onur Genç BBVAko kontseilari delegatuak analisten aurrean azaldu duenez, sei eta zortzi hilabete artean beharko lirateke beharrezko baimenak biltzeko eta akziodunen batzarra egiteko. Hortik aurrera, bankuak Sabadell erosteko eskaintza oldarkorra egingo luke, gehienez 70 egunez.

Eskaintzak arrakasta badu, BBVAk Sabadellgo kontseiluaren kontrola bere gain hartzen duenean, bat-egiteko eskaintza bat aurkeztuko litzateke, onartzeko. Urrats horretan, Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioaren baimena beharko lukete, eta horri sei hilabete gehituko litzaizkioke. Horrela, fusioa 2025 urtearen erdialdean osatuko litzateke.

BBVAk aurreikusita dauka baimen-eskaera Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari aurkeztea, azalpen-proiektu batekin eta gainerako dokumentu osagarriekin batera, gehienez hilabeteko epean, eskaintza egitea erabaki den egunetik zenbatzen hasita.

Ibex 35ak % 0,4 egin du behera saioaren hasieran

Ibex 35 indizeak % 0,39 egin du behera saioaren hasieran, eta 11.100 puntuen goitik kokatu da, ozta-ozta bada ere, BBVAk Sabadell Erosteko Eskaintza Publiko (EEP) oldarkorra egin ostean.

Madrilgo burtsan kotizatzen duten baloreen artean, hauek pilatu dituzte irabazi handienak saioaren hasieran: Banco Sabadell (% 6,89), Amadeus (% 1,14), Merlin Properties (% 0,93) eta Repsol (% 0,89). Aitzitik, beste batzuek behera egin dute: BBVA (% 4,9) eta Telefonica (% 0,74).

1.500 bat langile EAEn

Bi banketxeek 1.500 behargin eta 338 bulego dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Operazioa gauzatuko balitz, berregituratzeko aukera handia legoke, eta xehetasun gehiago jakin ezean, logikoa da pentsatzea ondorioak izan ditzakeela langileen eta bulegoen kopuruan. Sindikatuak "kezkatuta" agertu ziren bi erakundeen arteko bat-egiteko hotsak zabaldu zirenean, apirilaren 30ean. 

Erosketak jada oso handia den banketxeen kontzentrazioari ere eragingo lioke. 2008ko krisialdiaren ondorioz, dozenaka aurrezki kutxa eta eskualdeko banketxe desagertu ziren, bat-egite eta xurgatzeen bidez. BBVAk Sabadell erosita, Espainiako finantza merkatua hiru eskuk kontrolatuko luke: CaixaBank, Santander eta BBVA. Kontzentrazioak sektorearen lehiari eragingo dion beldur dira adituak. 

Saretzen txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian, sukurtsalen % 80 bost banketxeren eskuetan dago: Caixabank, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Laboral Kutxa eta BBVA.

Grafiko honetan sektorean izandako mugimendu horiek guztiak jasotzen dira, 2007tik 2024ra:

Eitb Media

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak BBVA Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa