Ekonomia -
huts egindako bat-egitea
Bat-egitearen eskaintza ekonomikoa hobetzerik ez zuela jakinarazi zion BBVAk Sabadelli
BBVAren presidenteak gutuna igorri zion Kataluniako banketxeko homologoari eskainitako akzio trukea (titulu bat, 4,83ren truke) handitu ezin zuela jakinarazteko. "Merkatuak ere argi utzi du ez dagoela gehiago igotzeko aukerarik", argudiatu zuen.
Agentziak | EITB MEDIA
BBVAk Sabadellekin bat-egiteko egindako eskaintzaren testuinguruan, Carlos Torres BBVAren presidenteak Josep Oliu Kataluniako finantza entitateko buruari igorritako gutun bat egin du publiko Sabadell banketxeak. Eskutitza igandean bidali zuen Torresek, Sabadellek eskaintza errefusatu baino egun bat lehenago. BBVAk Oliuri azaldu zionez, ez zuten "tarterik bat-egitearen eskaintza ekonomikoa hobetzeko".
"Joan den asteartean egin genizun bat-egite proposamenaren harira idazten dizut. Ulertzen dut hura sakon aztertzen ari zaretela erantzun bat eman ahal izateko, eta horren ildoan, oso garrantzitsua da zuon administrazio kontseiluak jakitea BBVAk ez duela bat-egitearen eskaintza ekonomikoa hobetzerik", irakur zitekeen testuan.
Gutunaren edukia oso-osorik kaleratu du Sabadellek, Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari igorritako mezu batean. BBVAk eskaintza egin eta bost egunera jaso zuten eskutitza.
Eskainitakoa baino hobari handiagoa eman ezin zietela argudiatu zuen Torresek, eta gogorarazi eskaintza egin zuten unetik "merkatuak ere argi utzi" duela ez dagoela "gehiago igotzeko aukerarik". "BBVAren Burtsako kapitalizazioa 6.000 milioi euroan jaitsi da ordutik", erantsi zuen.
Hala, eskainitako akzio trukeak (BBVAren titulu bakoitzeko Sabadellen 4,83) "% 30eko hobaria" zekarren apirilaren 29ko prezioekin alderatuta.
Egun bat geroago etorri zen Sabadellen ezetza, "bakarka balio handiagoa" sortuko zuela argudiatuta.
Eskutitza kaleratu ostean, Kataluniako banketxearen akzioak % 3 jaitsi dira; BBVArenak, aldiz, % 2 igo dira.