Ekonomia -
Lan-gatazka
Gipuzkoako autoeskolek mobilizazioak iragarri dituzte aztertzaile falta eta "utzikeria" salatzeko
Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eta indar politikoei eskatu diete "azterketen eskumena exijitzea eta transferentzia behingoz lortzea". Gainera, ziurtatu du 5.000 pertsona daudela lurralde historikoan probak egiteko zain.
Agentziak | EITB Media
Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteak mobilizazioak iragarri ditu aztertzaile falta eta erakundeen "utzikeria" salatzeko. Izan ere, aztertzailerik ez dagoenez, 5.000 pertsona daude probak egiteko zain.
Probintzia Trafikoko Buruzagitzak "proba teoriko zein praktiko gutxi egiten ditu" baimenak lortzeko, eta "ez du onartzen sektoreak egiten dituen proposamenetako bat ere", salatu du Gipuzkoako elkarteak ohar batean.
Agirian, ikasleen "haserre ikaragarria" azaldu nahi izan du elkarteak, "erakunde ofizialen aurrean protesta egin ezinik" autoeskolen aurrean egiten dutelako.
Probintzia Trafiko Buruzagitzaren eta Espainiako Administrazioaren "utzikeria" kritikatu du elkarteak. Horren ondorioz, gipuzkoarrek "ezin dute gidabaimena behar duten lanpostuetarako eskuratu".
Egoera horren aurrean, Gipuzkoari beharrezko langileak eskaintzea eta dauden baliabideak optimizatzea eskatu du, "ezinezkoa baita aztertzaileek bulegoan lan egitea eta azterketarik ez egitea".
Gainera, Eusko Jaurlaritzari eta EAEko indar politiko guztiei "azterketen eskumena eskatu eta transferentzia behingoz lortzea" eskatu diete, "arazoa behin betiko konpondu ahal izateko".