Ekonomia -
Langabezia datuak
Langabezia tasa % 8,53ra igo da EAEn lehen hiruhilekoan, eta % 8,82ra jaitsi da Nafarroan
EAEn, iazko laugarren hiruhilekoan baino 22.100 langabe gehiago daude, eta Nafarroan, berriz, 1.500 gutxiago.
O. A. | EiTB Media
Langabezia tasa % 8,53ra igo da EAEn urteko lehen hiruhilekoan, eta % 8,82ra jaitsi, berriz, Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur kaleratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA) arabera. Martxoa amaitzerako, iazko abenduan baino 22.100 pertsona gehiago zeuden langabezian EAEn, eta 1.500 gutxiago, berriz, Nafarroan.
Azken hiruhilekoan okupatutako pertsonen kopuruak % 3,83 egin du behera EAEn (39.200 gutxiago), eta Nafarroan, aldiz, % 0,36 igo da (1.100 gehiago). Guztira, okupatutako pertsonak 985.000 dira EAEn, eta 303.900 Nafarroan. Halaber, 91.900 pertsona daude lanik gabe EAEn, eta 29.400, berriz, Nafarroan.
2023ko lehen hiruhilekoaren datuekin alderatuta, langabeen kopuruak gora egin du EAEn, 800 pertsona gehiago zenbatu baitituzte lanik gabe (% 0,86). Nafarroan, berriz, kontrako joera izan dute, langabeziak behera egin baitu; 10.800 pertsona gutxiago zenbatu dituzte (% 26,8ko jaitsiera). Halaber, urtebetean gora egin du okupatutako pertsonen kopuruak: 20.300 gehiago EAEn (% 2,11) eta 15.400 gehiago Nafarroan (% 5,35).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Nafarroak du tasa altuena (% 8,82) Arabaren (% 8,8); Bizkaiaren (% 8,68) eta Gipuzkoaren (% 8,16) aurretik.
Espainiako Estatuan gora egin du langabeen kopuruak (117.000 gehiago), baina hiru milioi langabeen langatik behera jarraitzen du (2,97 milioi). Era berean, behera egin du okupatutako pertsonen kopuruak (139.700 gutxiago), eta urteko lehen hiruhileko batean 2020tik izandako jaitsierarik handiena da. Estatuko batez besteko langabezia tasa % 12,29koa da.