Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Haurreskolak Partzuergoak eta gehiengo sindikalak akordioa izenpetu dute, zenbait lan-baldintza hobetzeko
Besteak beste, aldi baterako langileen kontratazio berriak egiteko aukera jasotzen du akordioak, matrikulazioak une jakin batean gora egiten badu.
EITB MEDIA
Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak —Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoa— eta bertan ordezkaritzaren gehiengoa duten LAB eta Steilas sindikatuek akordioa sinatu dute hezitzaileen zenbait lan-baldintza hobetzeko. Langileen % 82,98ren babesa du akordioak; LAB sindikatuak ordezkaritzaren % 53,19 du eta Steilasek % 29,79.
Eusko Jaurlaritzak zabaldutako ohar batean zehazten denez, lan hitzarmeneko 12. eta 52. artikuluak aldatzea adostu dute aldeek. Hala, "matrikulazioan gerta daitezkeen gorabeheren aurrean, Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak urtean gehienez 11 hilabetez aldi baterako langileak kontratatu ahal izatea erabaki da". Era berean, "premia hori ondoz ondoko bi ikasturtetan luzatzen bada, plaza hori egiturazkoa izango da eta hurrengo ikastuko eskaintzari gehituko zaio".
Bestalde, testu berriak jasotzen du "63 urtetik gorako profesionalak, errelebo-kontratu baterako baldintzak betetzen ez baditu, lanaldiaren herena murriztea eskatu ahal izango" duela. Murrizketa hori ikasturtearen amaieran metatu eta gozatu ahal izango du.
Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak 2021eko martxoan helarazi zieten sindikatuei plan estrategiko eta bideragarritasun egitasmo bat egitea, eta hitzarmena negoziatzeko prozesu bat planteatu zuten. Aurretik, haurreskoletako langileek zortzi greba egun eta dozenaka mobilizazio egin zituzten, sindikatuek bere garaian adierazi zutenez.