Ekonomia -
LEHEN SEKTOREA
UAGAk berriro traktoreak kalera atera ditu Gasteizen, lehen sektorea agenda politikoan sar dadila eskatzeko
Edurne Basterra UAGAko presidenteak salatu du alderdi politikoek ez dituztela nekazarien eta abeltzainen aldarrikapenak kontuan hartu ere egin kanpainako euren diskurtsoetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen sindikatuak lehen sektorearen presentzia handiagoa eskatu du hauteskunde kanpainako agenda politikoan, berriro, Gasteizen, traktoreak kaleetara aterata.
11:00etan elkartu dira — 30 bat traktore eta dozenaka nekazari— Fernando Buesa Arena pabiloiaren kanpoaldeko aparkalekuan, eta handik UAGAren egoitzara joan dira, 12:00etan mobilizazioari ekiteko. Santa Barbara plazako merkatuaren alboan amaitu dute proteta.
Sindikatua "kezkatuta" agertu da nekazaritza eta abeltzaintza diskurtso politikoetan "ia" ez direlako agertzen, "nahiz eta alderdi guztiek gure aldarrikapenak beteko dituztela hitzeman". Edurne Basterra UAGAko presidenteak salatu du alderdi politikoek ez dituztela nekazarien eta abeltzainen aldarrikapenak ia aipatu ere egin kanpainako euren diskurtsoetan. Horrez gain, erantsi du Eusko Jaurlaritzak ez diela oraindik erantzun euren aldarrikapenekin igorri Zituzten idatziei.
Sindikatuaren eskaeren artean daude Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza eta Abeltzaintza saila edukitzea; makroproiektu eolikorik eta fotoboltaikorik, eta baratze-makroproiekturik ez egitea; Elikadura Katearen Legea "goitik behera" betetzea eta Europako araudia malgutzea lehen sektorearen garapenean laguntzeko.
Joan den astelehenean, alderdi politiko guztien egoitzetara joan ziren sektorearen etorkizuna bermatzeko azken hilabeteotan egin dituzten aldarrikapenak haien eskuetan uztera, "inork ez ditzan ahaztu" zeintzuk diren nekazarien eta abeltzainen lehentasunak.
Biharko beste traktore-martxa bat dago deituta Arabako hiriburuan, kasu honetan Trebiñu eta Araba Landaren alde Elkarteak deituta.