Ekonomia -
Lan-istripuak
59 urteko garraiolari iruindar bat hil da Lleidan, eta 54 urteko langile autonomo bat Gasteizen
LABek azaldu duenez, igandean bere kamioiaren kabinan hilik azaldu zen garraiolaria. Antza denez, bihotzekoak jota hil zen. Bestalde, joan den astean, behargin autonomo batek istripua izan zuen, komunitate bateko garbiketa lanak burutzen ari zela. Asteburuan hil egin da zauri larrien ondorioz.
EITB Media
Asteburu honetan bi euskal langile hil dira, garraiolari iruindar bat Lleidan eta behargin autonomo bat Gasteizen. Honenbestez, gutxienez 20 dira laneko heriotzak Euskal Herrian urte hasieratik, LAB sindikatuak jakitera eman duenez.
Sindikatu abertzaleak ohar batean azaldu duenez, igandean Lleidan bere kamioiaren kabinan hilik azaldu zen 59 urteko garraiolaria, datu guztien arabera, bihotzekoak jota hil zen. Belgikako enpresa batentzako ziharduen lanean. 2024an dagoeneko sei garraiolari hil dira Euskal Herrian.
"Azken urteetan bereziki salatzen ari garen moduan, garraioaren sektorean ematen den arazo kardiobaskularren intzidentzia altuak badu laneko faktoreetan iturri bat", salatu du LABek.
"Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, etab. Honek guztiak arazo kardiobaskularrak eragiteko koktel perfektua sortzen du, denok ikusten ari garen emaitzekin", erantsi du sindikatuak.
Heriotza salatzeko LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGTk elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako, 11:00etan, Iruñean, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean.
Bestalde, joan den astean Gasteizen, 54 urteko langile autonomo batek istripua izan zuen, komunitate bateko garbiketa lanak burutzen ari zela, maneiatzen zuen makina irauli eta azpian harrapatu zuenean. Ezbeharrak zauri larriak eragin zizkion, eta asteburuan hil egin da horien ondorioz, LABek jakitera eman duenez.
"Prekaritatean oinarritutako lan harremanak pairatzen dituzte autonomoek, eta askotan lan arriskutsuak onartu behar izaten dituzte lanik ez galtzeko", kritikatu du sindikatu abertzaleak. LABen ahotan, "Administrazioaren eskutik kontrol are zorrotzagoa eskatzen du autonomoen biziak, merkatua euren bizitzez baliatzen baita, lan prozesuen merkatze hutsagatik".