Ekonomia -
EAE-KO JUSTIZIA AUZITEGIA
EAEko Auzitegiak berretsi egin du enpresa bazkari batean lankide bati eraso zion langile baten kanporaketa
2022ko abenduaren 23an gertatu zen erasoa. Antza denez, bazkari baten ondoren, auzipetuak hainbat ukabilkada eman zizkion lankideari, eta begian ebaki bat egin zion. Horren aurrean, enpresak langilea kanporatzea erabaki zuen.
EITB MEDIA
Gabonetako bazkari baten ostean lankide bati eraso zion behargin baten kaleratzea bidezkotzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Bilboko Lan-arloko 7 zenbakiko Epaitegiak ontzat jo zuen langilea kaleratzeko erabakia, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du hark emandako ebazpena.
2022ko abenduaren 23an gertatu zen erasoa. Antza denez, bazkari baten ondoren, auzipetuak hainbat ukabilkada eman zizkion lankideari, eta begian ebaki bat egin zion. Horren aurrean, enpresak langilea kanporatzea erabaki zuen.
Salaketan, beharginak arrazoitu zuen leporatu dioten erasoa ez dagoela frogatuta, egia dela lankidearekin liskarra izan zuela, baina berdintasun printzipioa urratu diotela, langile baten eta bestearen salaketek berme berdinak izan ez dituztela iritzita.
EAEko Auzitegiaren arabera, Bilboko epaitegiaren ebazpena lekukoen testigantzetan oinarritu zen, gertatutakoa "larria" da, lankidearen segurtasun eskubidea hautsi zelako, eta auzipetuak ez duela kontrakorik erakusten duen frogarik aurkeztu nabarmendu du.
Bukatzeko, gogora ekarri duenez, epaia ez da irmoa, eta, hori dela eta, auzipetuak Gorenera jo dezake oraindik, hala nahi badu.