Ekonomia -
Zor publikoa
Espainiako Estatuaren zor publikoa barne produktu gordinaren % 107,7ra murriztu zen 2023an
Espainiako Estatuko Administrazio Publikoek 1,574 bilioi euroko zorra zuten pilatuta iazko urtearen amaieran, Barne Produktu Gordinaren % 107,7 adina, eta 2022an baino lau puntu gutxiago (% 111,6). Hala ere, zenbatekoak % 4,7 egin zuen gora, aurreko urtearekin alderatuta.
Agentziak | EiTB Media
Espainiako Estatuko Administrazio Publikoek 1,574 bilioi euroko zorrarekin amaitu zuten iazko urtea, barne produktu gordinaren % 107,7 litzatekeena, Espainiako Bankuak gaur kaleratutako datuen arabera. 2022an lau puntu handiagoa zen, % 111,6, hain zuzen ere.
Hala ere, zorraren zenbatekoari erreparatuta, % 4,7 egin zuen gora, 70.955 milioi euro, 2022arekin alderatuta.
Zorraren zati handiena Administrazio Zentralari dagokio, 1,434 bilioi euro (barne produktu gordinaren % 98,1).
Autonomia erkidegoei dagokienez, Valentziako Erkidegoa da aberastasunari erreparatuta zorrik handiena duena (barne produktu gordinaren % 42,2), Gaztela-Mantxaren (% 31,9), Murtziaren (% 31,2) eta Kataluniaren (% 31) aurretik. Aitzitik, zor gutxien Nafarroak (% 12), Kanariar uharteek (% 12,2), Euskal Autonomia Erkidegoak (% 12,4) eta Madrilgo Erkidegoak (% 12,6) dute.