Ekonomia -
BARNE PRODUKTU GORDINA
Espainiako ekonomia % 2,5 hazi zen 2023an, euroguneko batez bestekoa baino bost aldiz gehiago
Carlos Cuerpos Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroaren arabera, gaur kaleratutako datuek "berretsi egiten dute, beste behin, Espainiako ekonomiaren martxa ona".
AGENCIAS | EITB MEDIA
Estatu espainiarreko ekonomia % 2,5 hazi zen 2023an, Pedro Sanchezen Gobernuak aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago. Azken hiruhilekoan gorakada % 0,6koa izan zen.
Estatistika Institutu Nazionalak gaur jakinarazi ditu iazko Barne Produktu Gordinaren datuak, eta horien arabera, goranzko joerari eutsi zion ekonomiaren marrak urtearen amaieran. Nolanahi ere, aurreko urteotakoa baino apalagoa izan zen igoera: 2021ean BPGk % 6,4 egin zuen gora; 2022an, % 5,8; eta 2023an, % 2,5. Covid-19aren pandemiaren ondorioz, 2021ean ekonomiak % 11,2ko jaitsiera izan eta gero etorri zen ondorengo urteetan hazkundea.
Interes tipoak azken bi hamarkadetako mailarik altuenean dauden honetan, batez ere, familien kontsumoak, enpleguaren sorrerak eta atzerriko merkataritzaren bilakaera onak ahalbidetu zuten urtea datu positiboekin ixtea
Carlos Cuerpos Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroaren arabera, gaur kaleratutako datuek "berretsi egiten dute, beste behin, Espainiako ekonomiaren martxa ona". "Zenbaiten aurreikuspen katastrofisten eta okerren aurrean, datuek argi hitz egiten dute", erantsi du.
Halaber, esan duenez, euroguneko batez besteko hazkundea baino bost aldiz handiagoa da Espainiako ekonomiak izandakoa. "Eurogunekoa baino bost aldiz handiagoa, eta Europako ekonomia nagusienen artean handienetakoa".