Ekonomia -

protesta Gasteizen

Traktoreen martxa Gasteizen, Espainiako Gobernuari agindutako neurriak "gauzatzeko" eskatzeko

Goizean goiz bildu dira Europa Biltzar Jauregiaren aurrean, Familia Nekazaritzari buruzko VIII. Mundu Konferentzia bertan egiten ari dela baliatuta. Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzara abiatu dira gero, aldarrikapenak Marisol Garmendia ordezkariari eskura emateko.

Nekazariek Forondako Atean bildu dituzte euren traktoreak, goizean goiz. EITB Media
Nekazariek Forondako Atean bildu dituzte euren traktoreak, goizean goiz.
Nekazariak Europa Jauregiaren aurrean bildu dira sektorearentzat ''beharrezko neurriak'' eskatzeko

0:30

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko nekazariak euren sektorea "lehenesteko" deia egitean ari dira gaur, atzera berriz, Gasteizen antolatutako traktoreen martxa batean. Hain justu, nekazaritzari buruzko nazioarteko jardunaldi batzuk baliatu dituzte aldarriak entzunarazteko. Mobilizazioetan nabarmen dutenez, ez da lehen aldia protestan ateratzen direna, baina tarte honetan "aurrerapausorik ez" dela egon salatu dute, sektorea "itota" baitago. "Aurrerapenak izan dira asmo aldetik, baina orain ikusi behar duguna da benetan gauzatzen diren ala ez", erantsi dute. 

Hego Euskal Herriko nekazaritza sindikatuek (EHNE-Gipuzkoa, EHNE-Nafarroa, ENBA-Bizkaia, ENBA-Gipuzkoa eta UAGA) deitu dute protesta.

Laborariak, batzuk oinez eta beste batzuk traktore gainean, 08:30ean bildu dira Foronda Atean, eta Gasteiz Etorbidea hartu dute gero, Europa Biltzar Jauregira jo dute, han hasi baita gaur Familia Nekazaritzari buruzko VIII. Mundu Konferentzia. 

Munduko Nekazaritza Foroak (familia nekazaritza eta landa garapen jasangarria sustatzen duen gobernuz kanpoko sarea) antolatzen ditu nazioarteko jardunaldi hauek, eta 55 herrialdeetatik heldutako 200 bat pertsonaren parte hartzea espero dute. 

Familia nekazaritzak dituen nazioarteko erronkak aztertu eta proposamenak adostea du helburu konferentziak, betiere jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumen arlokoa bermatuta. 

Esan bezala, traktoreen protesta Europa Biltzar Jauregian abiatu dute nekazariek, familia nekazaritzaren aldeko adierazpen bat irakurrita. Handik Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzako egoitzarako bidea egingo dute, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari aldarrikapenen agiri bat emateko.

Konferentzia ostegunean bukatuko da, eta egun horretarako beste mobilizazio bat antolatzen ari da nekazarien elkarte independente bat (Trebiñu eta Araba Landa eremuaren Alde elkartea), eta UAGA sindikatua deialdira batzekotan da. Europa Biltzar Jauregiaren parean egingo dute hau ere, Luis Planas ministroa bertan izango dela aitzakia hartuta. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Nekazaritza Lan gatazkak albisteak gaur Abeltzaintza