Ekonomia -
Supermerkatuak
Mercadonak % 40 areagotu ditu irabaziak, 1.009 milioi euroraino
Konpainiak salmenten % 15eko igoera izan du, guztira 35.527 milioi euro. Mercadonak 31 denda eta 2.400 langile baino gehiago ditu EAEn. Nafarroan beste 11 supermerkatu eta 700 behargin baino gehiago ditu.
EITB Media
Mercadonak % 40 handitu ditu bere mozkin garbiak, 2023an 1.009 milioi euroraino iritsi arte, salmenten % 15eko igoera izan ondoren, hau da, 35.527 milioi euro.
Juan Roig Mercadonako presidenteak konpainiaren urteko balantzea egiteko prentsaurrekoa eman du. Bertan, Mercadonaren 2023ko ekitaldiko datu ekonomikoak eta 2024rako aurreikuspenak azaldu ditu. Ekitaldian enpresako zuzendariak izan dira, besteak beste, enpresako presidenteorde Hortensia Herrero.
Supermerkatuetako enpresak 34.000 milioi inguruko fakturazioa lortu du Espainian eta 1.400 milioikoa Portugalen, eta merkatu-kuota % 0,6 igo da Espainian, % 27,6ra iritsi arte. Era berean, merkatu-kuota % 8ra igo da Portugalen.
Portugalen galerarik izan ez duen lehen urtea da, bertan merkatuan lanean hasi zenetik. Gainera, Mercadona kontratu finkoko 5.000 lanpostutan hazi da aurreko urtearekin alderatuta, bi estatuetan 100.000 behargineko plantilla lortu arte.
Mercadonak 31 denda ditu Euskadin, gehienak Bizkaian (17), gero Gipuzkoan (zortzi) eta, azkenik, Araban (sei denda eta bloke logistiko bat). Horrela, 2.400 langile baino gehiago ditu EAEn. Nafarroan, 11 supermerkatu eta 700 behargin baino gehiago ditu.
Hain zuzen ere, Mercadonako langile arabarrek elkarretaratzea egin dute astearte honetan konpainiak Gasteizen duen denda baten aurrean, 2024-2028 urteetarako sinatutako hitzarmen kolektibo berriak lan-baldintzak "okertzen" dituela salatzeko.
CCOOk eta UGTk sinatutako hitzarmenak ez du jasotzen KPIari lotutako soldata-igoerarik, eta astean 40 orduko lanaldia ezartzen du, "Arabako elikagaien merkataritza hitzarmenean jasotakoak baino gehiago", ELAk ohar batean salatu duenez.