Ekonomia -
SARETZEN
EAEk eta Nafarroak banku-bulegoen erdiak galdu dituzte azken 15 urteetan
Euskadik eta Nafarroak duela 15 urte zituzten banku-sukurtsalen ia erdiak galdu dituzte; 2008an hasi zen beherakada hori, eta, pandemiaren ondoren, areagotu egin da.
IKER GOMEZ
Euskadik eta Nafarroak duela 15 urte zituzten banku-sukurtsalen ia erdiak galdu dituzte; 2008an hasi zen beherakada hori, eta, pandemiaren ondoren, areagotu egin da.
Horrela, azken urteotan, Hego Euskal Herrian 2.673 banku-bulego izatetik 1.374 izatera igaro gara; beraz, lokal horien % 48,57 itxi dituzte.
Zehazki, sukurtsalen sarea % 51 murriztu da Euskal Autonomia Erkidegoan, 2008an baino 1.034 bulego gutxiago baitaude. Nafarroan, berriz, % 44ko murrizketa izan da (317 gutxiago daude). Batez best, urtean 69 bulego itxi dituzte Euskadin eta 21 Nafarroan.
Erdiak, Bizkaian
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian itxi dituzte sukurtsal gehien, erdiak baino gehiago (530), baina Gipuzkoan (266) eta Araban (186) ere itxi dituzte batzuk. Bulego horietako gehienak hiriburuetatik edo udalerri handienetatik desagertu dira.
Adibidez, Bilbon 202 bulego itxi dituzte 15 urte hauetan (% 55,2), Gasteizen 143 (% 59,1), Donostian 102 (% 54,5) eta Iruñean 72 (% 40,2).
Hiriburuetan ez ezik, udalerrietan ere itxi dituzte hainbat. Herri hauetan galdu dituzte bulego gehien: Barakaldo, Getxo, Portugalete, Durango, Irun eta Eibar. Oro har, Euskadin, udalerri guztietan itxi dituzte sukurtsalak, Iruña Okan izan ezik (bulego bat gehiago dute).
Nafarroak, bestalde, 317 bulego galdu ditu azken zortzi urteetan, gehienak Iruñean (% 22,7). Nafarroako herri guztietan, sukurtsalak itxi dituzte edo kopuruari eutsi diote.
Denak galdu dituztenak
Bilakaera horren ondorioz, azken 15 urteetan, Hego Euskal Herriko 21 udalerritan sukurtsal guztiak galdu dituzte. Hauetan:
Araba: Samaniego, Ekora, Kripan, Moreda, Zigoitia, Harana, Urizaharra, Leza eta Okondo.
Bizkaia: Atxondo, Bedia, Ea, Elantxobe, Gatika, Loiu eta Iurreta.
Gipuzkoa: Elgeta, Bidania-Goiatz eta Aia.
Nafarroa: Anue eta Jaurrieta.
Horrela, Araban, udalerrien % 43,1ek ez dute banku-bulegorik (herritarren % 4,2 daude bulegorik gabe udalerrian), Bizkaian % 42,9k (herritarren % 3,4) eta Gipuzkoan % 38,6k (herritarren % 2,6). Nafarroan, herrien % 54k ez dute bulegorik (herritarren % 6,7).
Data esanguratsuak
Bilakaera horretan, bi urtek ondo azaltzen dute bankuen presentziaren beherakada.
Batetik, 2013. urtea dugu, krisi ekonomikoarena. Orduan ekin zion sektoreak berrantolatzeari. Urte horretan bakarrik, Euskadik 186 sukurtsal galdu zituen, eta Nafarroak 24.
2021a ere funtsezko urtea izan zen; izan ere, pandemiaren osteko garaiak eta sektorearen digitalizazioak 139 bulego itxiarazi zituzten Euskadin eta 42 Nafarroan.
Dentsitatea
Banku-sukurtsalek biztanleria-dentsitatea kontuan hartuta izan duten bilakaerari begiratuz gero, Euskadin 10.000 biztanleko 9,1 bulego izatetik 4,4 izatera igaro gara azken 15 urteetan (ia bost banku-bulego gutxiago dira 10.000 biztanleko). Nafarroan, 8,9 sukurtsal izatetik 6 izatera igaro dira 2015 eta 2023. urteen artean.
Espainia eta Europa
Sukurtsalen galera orokortu egin da Estatuan eta Europa osoan ere.
Horrela, 2008 eta 2022 bitartean, Espainiako Estatua 10.000 biztanleko 10,1 banku-bulego izatetik 3,6 izatera igaro da; Europar Batasunean, Espainia da banku-sukurtsal gehien galdu dituen herrialdea (-% 61), eta Danimarka dago ondoren (-% 60).
Frantzian, aldiz, sukurtsalen % 13 galdu dituzte denbora tarte horretan. Frantzian dute banku-bulegoen ratio handiena: 10.000 biztanleko 5. Espainia, bestalde, Italia (3,6) eta Portugal (3,4) bezalatsu dago, eta Alemania (2,4), Suedia edo Danimarka (10.000 biztanleko bi bulego baino gutxiago) baino hobeto.