Ekonomia -
lehen sektorea
Tapia nekazarien sindikatuekin bildu da EAEko erakundeen dekalogora egindako ekarpenak aztertzeko
ENBA, EHNE eta UAGA sindikatuek, nork bere aldetik, Jaurlaritzaren eta Aldundien idatziari egindako proposamenak bateratzeko bilduko dira bi aldeak.
EITB MEDIA
Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua nekazarien sindikatuekin bildu da ostiral honetan EAEko erakundeen (Jaurlaritza eta hiru Aldundiak) lehen sektoreari zuzendutako dekalogora baserritarren ordezkariek, nork bere aldetik, egindako ekarpenak aztertzeko.
Bilera baino lehen, Tapiak adierazi du bileraren helburua haien "ekarpenak" ezagutzea eta "ezarri ditzakegun neurriak" adostea dela.
Batzarra Neikerrek Derion (Bizkaia) duen egoitzan izan da, eta ENBA, EHNE eta UAGA sindikatuak egon dira deituta.
Hitzorduaren helburua da sindikatuek azken hilabetean egindako proposamenak bateratzea. Dekalogoan jasotakoen arabera, euskal erakundeek konpromisoa hartu dute eskumena duten administrazioekin lan egiteko, erkidegoko araudia "bidezkoa, malgua eta Euskadiko errealitate espezifikoetara egokitua" izan dadin, zama burokratikoa murriztu dadin eta Erkidegotik kanpoko ekoizpenek Europako estandar berak betetzen dituztela ziurta dadin.
Era berean, lehen sektorerako laguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko prozesua sinplifikatzeko eta errazteko konpromisoa hartu dute, "eskura dauden baliabideetarako sarbide zuzena eta eraginkorra bermatuz".
Biriatuko mugan nekazariek AP-8 autobidea kolapsatu eta biharamunean egingo dute bilera.