Ekonomia -
LEHEN SEKTOREA
Tentsio uneak Nafarroako Parlamentuan, nekazari talde bat barrura indarrez sartzen saiatu denean
Foruzaingoak jakitera eman duenez, 12 pertsona identifikatu dituzte gertakariarekin lotuta, eta desordena publikoak eragiteagatik izapideak zabalduko zaizkie.
EITB MEDIA
Nekazari eta abeltzain talde bat indarrez sartzen ahalegindu da Nafarroako Parlamentuan eta tentsio uneak bizi izan dira. 2024rako foru aurrekontuen proiektua eztabaidatu eta bozkatu da gaurko osoko bilkuran, eta hori aprobetxatu du F6 Plataformak protesta bertara eramateko.
Traktoreekin elkarretaratzea egin dute ganberaren kanpoaldean, goizean goizetik, eta saioa hasi denean, hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Foruzainekin tirabira gogorrak izan eta gero, agenteek atea ixtea lortu dute eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, 12 pertsona identifikatu dituzte gertakariarekin lotuta, eta desordena publikoak eragiteagatik izapideak zabalduko zaizkie. Horiek bide administratibotik edo judizialetik zabalduko diren ez dute argitu.
Aurrekontuen eztabaidan, nekazarien egoerarekin zerikusia duten bi zuzenketa aurkeztu dituzte, UPNk batetik, eta gobernuko bazkideek (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin), bestetik. Lehendabizikoa atzera bota dute, eta bigarrena, berriz, tramitera onartu da. Une jakin horretan ahalegindu dira nekazariak barrura sartzen.
Aurrez hala adostuta, baserritarren ordezkaritza batek (UAGN, EHNE, UCAN eta F6) gonbidatuen tribunatik bilkura jarraitzeko aukera izan du. Horietako batzuei hainbatetan kargu hartu die Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, euren jarreragatik.
Ramon Alzorriz PSNren bozeramaileak hitza hartu duenean, hainbatek aretoa utzi dute haserre, eta kanpoko protestara batu dira. Aurretik, horiek beraiek UPNko Javier Esparza txaloka hartu dute.
Saioa amaitu denean, 15:00ak aldera, nekazariak eraikinaren atzeko eta aurreko irteeretara hurbildu dira, eta horietatik atera diren ordezkari politikoak iraindu dituzte. Berriro, tentsio uneak bizi izan dira polizien eta nekazarien artean.
15:30 aldera traktoreak erretiratzen hasi dira, eta protesta amaitutzat eman dute.
Izapideak
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak irmo gaitzetsi du gertatutakoa, eta kezka agertu du "gorrotoaren diskurtsoa" hartzen ari den indarrekin. Esan duenez, "desadostasuna eta kritika guztiz zilegiak" dira, baina azkenaldiko protestek marra gorria igaro dutela iritzi dio. "Nafar guztiak ordezkatzen gaituen erakundea erasotu dute, erakunde demokratiko bat", azaldu du. "Okerrena da ez dakigula noraino hel daitekeen zenbait egitura politikoetatik hauspotutako mugimendu hau".
Gertatutakoa gogor salatu du, baita ere, Amparo Lopez Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak eta Nafarroako Gobernuko eledunak. "Onartezinak eta oso larriak dira gertakariak", bere hitzetan, eta Foru Exekutiboak izapideak zabalduko ditu, erasoa argitzeko. Erantsi duenez, irudiak jasota daude eta horiek ondo aztertuko dira, zein delitu egon den zehazteko.
"Gaur Nafarroako Parlamentuan izandako gertakari onartezin eta larria salatzen dugu: indarrez sartzen ahalegindu dira Parlamentura, eta Foruzaingoaren esku-hartze azkarrari esker lortu da geldiaraztea. Horiei egindako lana eskertu nahi diet. Lehen aldiz gertatu da halako zerbait Nafarroako Parlamentuan", esan du, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.