Ekonomia -
Lehen sektorearen protestak
Nekazarien plataforma haserre agertu eta Chiviteri egindako irain matxistetatik aldendu da
Nekazariek adierazi dute ez daudela ekintza horien alde, eta "iraintzea eta gogaitzea" ez dutela sekula xede izan. Gertatutakoa honela definitu dute: "guztiek ordaintzen duten kolektibo bateko norbaiten ekintza".
EITB Media
Hilabete protestan daraman nekazarien plataforma aldendu egin da nekazari batzuek Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteari egindako irain matxistetatik.
Plataformako kideak haserre agertu dira Euroeskualdearen batzarraren harira Erriberrin gertatutakoagatik, eta Chivitek berak iragarri zuen Foru Gobernuak salaketa jarriko zuela. Nekazariek esan dute ez daudela ekintza horien alde, eta "iraintzea eta gogaitzea" ez dutela sekula helburu izan.
"Gehiengoaren bidetik ateratzen diren pertsonek gainerakoei kalte egiten diete", baina "gutxiengoa" direla uste dute. Irainak honela definitu dituzte: "guztiek ordaintzen duten kolektibo bateko norbaiten ekintza".
"Guk helburu batzuk ditugu, eta atzo lortu genuena kontrakoa izan zen. Ez dugu inor oztopatu nahi, ezta inor iraindu ere, baizik eta gure baserrietan elikagai osasuntsuak lortu. Ez da bidezkoa dirua lau bitartekarik eramatea, eta justizia hori lortzea da gure helburua", gogorarazi dute.
Pertsona batzuek Oliten Gobernuko presidentea iraintzen zuten bitartean, plataformako beste kide batzuk Iruñeko erdigunean herritarrak kontzientziatzen saiatzen ari ziren informazio-liburuxken bidez, eragindako eragozpenak ez direla helburu bat eta "borroka kolektiboa" dela, gogorarazi dutenez.
Bestalde, Iruñeko Udaleko Herritarren Gaietarako Batzordeak adierazpen bat onartu du Marina Curiel Udaleko bozeramaile sozialistaren eta Maria Chivite Foru Gobernuko presidentearen aurka egindako irain matxistak gaitzesteko.
Lehenengoaren kasuan, irainak X sare sozialean gertatu ziren, udal gobernuko indar politikoek eta PSNk Iruñeko aurrekontuetarako akordioa sinatu ondoren. Testua sozialistek proposatu dute eta UPNren kontrako botoekin, PPren abstentzioarekin eta EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa indarren babesarekin onartu dute.