Ekonomia -

Mobilizazioa

Gipuzkoako nekazariek lehen sektorea lehenesteko aldarria eraman dute Batzar Nagusietara

38 erakunde, eragile eta enpresak bat egin dute protestarekin, eta traktoreak eta lanerako ibilgailuak hartuta, Donostiako kaleak zeharkatu dituzte, Batzar Nagusietako alderdi politikoei euren aldarrikapenak jasotzen dituen manifestua aurkeztu aurretik.

Traktoreak, Kontxan. Argazkia: EFE
Traktoreak, Kontxan. Argazkia: EFE
Lehen sektorea lehenesteko aldarria egin dute Gipuzkoako nekazariek

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako nekazariek Batzar Nagusietara eraman dituzte beren traktoreak, gaur, EHNE eta ENBA sindikatuek babestutako lehen mobilizazio handian. 

Iragan otsailaren 12an kalera atera zituzten traktoreak gipuzkoar laborariek, baina EHNEk eta ENBAk iragarri zuten protesta egutegi propioa prestatuko zutela, eta gaur entzun da aurrenekoz horien aldarria kalean.

Eguerdiko manifestuan argitu dutenez, "Europa osoan zehar burutuz joan diren protestetako aldarri askorekin bat egiten dugu, baina Nekazaritza Politika Bateratuak edo Europako salerosketa libreko hitzarmenek dakartzaten arazoetatik harago ere joan beharra dago, gure herritik, gure lurraldetik, baserritarren egunerokoa hobetzeko neurriak martxan jar ditzakegu, eta hori da sakondu behar duguna. Horregatik, behin eta berriz, diskurtso propio bat eta egutegi propio baten beharra mahaigaineratu dugu, otsailaren 6ko estatu mailako mobilizazioetatik ere tartea utziz, euskal baserritarron egunerokoarekin eta beharrekin zerikusirik ez duten gauza gehiegi nahastu dira eta estatuko mobilizazio horien artean".

Hiru zutabetan abiatu dira ibilgailuak Donostiarantz: Goierri-Tolosaldetik, Urola Kosta-Orio-Usurbildik eta Bidasoaldea-Donostialdea-Garbera-Errenteriatik. N-1ean eta N-634an gorabeherak eragin dituzte traktoreek, eta eguerdia aldera Donostiako kaleak zeharkatu ondoren, Batzar Nagusietara joan dira euren aldarrikapenak agintariei eta alderdi politikoei helarazteko asmoz.

Elkarretaratzea egin eta manifestua irakurri dute antolatzaileek, 12:30 aldera. Ondoren, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentearekin eta alderdi ezberdinetako ordezkariekin biltzera joan dira, haiei beren aldarrikapenen berri emateko.

Nekazarien ordezkariek irakurritako manifestuaren arabera, herritarren ordezkariak direlako jo dute Batzar Nagusietara: "Batzuk agintean daude eta besteak oposizioan, bai Gipuzkoako udaletan, Aldundian, Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean edo Eusko Jaurlaritzan, eta, honenbestez, denen ardura da, agintean zein oposizioan egon, lehen sektorearen jarduera sustatzea eta erraztea".

Hain zuzen ere, herritarrei ere zuzendu zaizkie baserritarrak, eta eskatu diete "egunerokoan gure lurraldean ekoizten diren elikagai eta lehengaien alde" egin dezatela.

Agintariei dagokienez, arazoak konpontzeko "aktibo" izan daitezela eskatu diete, ez ditzatela eurek sortu arazoak. Horren harira, Aldundiarekin, EUDELekin eta Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko elkarlan "iraunkorra eta eraginkorra" izatea proposatu dute.

Izapideekin izaten dituzten gorabeherak izan dira azkenaldian sektoreko langileen protestetako batzuk, eta EHNEk eta ENBAk sustatutako manifestuan ere egiten zaio aipamena. Horiek "arintzeko, gutxitzeko eta ez errepikatzeko" lantaldeak osatzea eskatu dute.

Bestalde, Landa Jabetzaren estatutua berreskuratzea, energia berriztagarriak kokatzerakoan balio handiko lurretan ez jartzea, eta basurdeen eta orkatzen populazioari aurre egiteko neurriak hartzea eskatu dute, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, lehen sektorea lehenesteko deia egin diete agintari, langile publiko eta ordezkari politikoei.

38 erakunde, eragile eta enpresak bat egin dute gaurko mobilizazioarekin.

atxikimenduak

Atxikimenduak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Nekazaritza Lan gatazkak Abeltzaintza albisteak