Ekonomia -

Elektrizitatea

Argindarraren BEZa % 21era itzuli da, eta urteko batez besteko faktura % 15 garestituko du

Argindarrak megawatt-orduko 42 eurotik beherako prezioan itxi du otsaila, azken hiru urteetan izan duen salneurririk baxuenean. Hala ere, BEZaren igoerarekin, bezero baten urteko batez besteko faktura 467 eurotik 539 eurora pasatuko da.

Argindarraren dorre bat. Argazkia: EFE
Argindarraren dorre bat. Argazkia: EFE
Argindarraren dorre bat. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarraren prezioak megawatt-orduko 42 eurotik beherako prezioan itxi du otsaila, hiru urtean izan duen salneurririk baxuenean. Martxoan, baina, % 21eko BEZa ezarriko zaio berriro elektrizitateari, azken hilabeteotan % 10ekoa izan ostean.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) % 10etik % 21era igotzeak % 15eko igoera ekarriko dio bezero baten urteko batez besteko fakturari, eta 467 eurotik 539 eurora igaroko da, sektoreko datuen arabera.

Are gehiago, urtebete barru azken kontsumitzailearen faktura elektrikoa % 25 garestitu daiteke (117 euro gehiago urtean) zergen igoeraren ondorioz, sektorearen kalkuluen arabera.

Otsailean, elektrizitatearen prezioa bereziki baxua izan da handizkako merkatuan, eguzkiak eta, batez ere, haizeak energia gehiago ekoiztea (eta, ondorioz, horren prezioa merkatzea) ekarri baitute. Ordu askotan, kostua zero izan da, eta eguneko batez besteko salneurriak ez dira hamar eurotik gorakoak izan azken astean.

'Pool'eko elektrizitatearen batez besteko prezioak MWh bakoitzeko 41,245 eurotik oso gertu bukatu du otsailean; duela urtebete 132,7 eurokoa zen, eta urtarrilean, 74 eurokoa.

Aurtengoa hilabeterik merkeena izan da 2021eko otsailaz geroztik, orduan handizkako merkatuko batez besteko prezioa 28,5 eurokoa izan baitzen. Hilabete geroago, martxoan, batez besteko prezioa 44,45 eurokoa izan zen, eta ordutik aurrera argindarra garestitzen hasi zen 2022ko martxoan, Errusiak Ukrainan erasoaldia hasi zuenean, maximo historikoa izan zuen arte.

Asteazkenean, elektrizitatea duela urtebete baino % 92,9 merkeagoa izan da, batez beste, megawatt-orduko 132,68 euro ordaindu baita, 2024an orain arte izandako gehieneko prezioa (113,83 euro/MWh) baino garestiagoa.

Duela bi hilabete, Espainiako Gobernuak argindarraren fakturan beherapen fiskala luzatu zuen, Errusiak Ukrainan egindako erasoaren ostean izandako prezioen igoeraren ondorioz.

Erabakiak elektrizitatearen BEZa % 5etik % 10era pasatzea eragin zuen, eta neurria 2024. urte osoan mantenduko da. Hala ere, salbuespen bat erantsi dio: fakturazio-aldiaren azken egunaren aurreko azken hilabete naturalari dagokion eguneko merkatuaren batez besteko prezio aritmetikoa 45 eurotik beherakoa izatea megawatt bakoitzeko.

Honenbestez, BEZaren igoera kontratu mota guztiei aplikatuko zaie, baina, aurreikuspenen arabera, eragin handiena kontratua merkatu librean duten kontsumitzaileek nabarituko dute, tarifa finkoa dutenek, tarifa arautua dutenei (errenta baxuenak dituztenak eta familiak, besteak beste) prezio baxuek arinduko baitiete igoera hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Zerga politika