Ekonomia -
OTSAILEKO KPI AURRERATUA
KPIa sei hamarren jaitsi da otsailean, % 2,8raino, argindarraren merkatzea tarteko
Bestalde, azpiko inflazioa bi hamarren jaitsi da, % 3,4raino.
O. A. | EITB MEDIA
Kontsumoko Prezioen Indizearen urte arteko tasa sei hamarren jaitsi da otsailean, % 2,8ra arte, iazko hilabete bereko datuekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak gaur aurreratutako datuaren arabera. Urtarriletik otsailera, berriz, prezioak hiru hamarren garestitu dira.
Urte arteko inflazioak behera egin du, batez ere, argindarra merkatu eta elikagaien prezioak mantendu egin direlako. Aitzitik, erregaiak garestitu egin dira urteko bigarren hilabetean, iazko epe berarekin alderatuta.
Gauzak horrela, KPIak behera egin du urtarrilean gora egin ostean. Halaber, abuztutik izandako maila baxuenera iritsi da, orduan % 2,6koa izan baitzen urte arteko datua.
Gainera, inflazioa % 3ko langatik behera jaitsi da, bost hilabeteren ostean.
Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena, bi hamarren jaitsi da urtarrilean, % 3,4raino, aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuta. 2022ko martxotik izandako daturik apalena da, orduan % 3,4koa izan baitzen.
Otsaileko datu aurreratua datorren martxoaren 14an baieztatuko du Espainiako Estatistika Institutuak.