Ekonomia -
MOBILE WORLD CONGRESS
Sanchezek iragarri du Adimen Artifizialaren Hizkuntza Eredu bat sortuko dutela Estatuko hizkuntza ofizialetan
AAko Lengoaia Sortzeko Eredu Handi bat sortuko dutela iragarri du Espainiako presidenteak bai gaztelaniaz baita Estatuko gainerako hizkuntza koofizialetan ere (euskara, galiziera eta katalana) "berariaz" entrenatuta, kode "ireki eta garden" batekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Adimen edo Inteligentzia Artifizialeko Lengoaia Sortzeko Eredu Handi bat sortuko dutela, gaztelaniaz eta estatuko gainerako hizkuntza koofizialetan, euskaraz, galizieraz eta katalanez, "berariaz" trebatua, kode "ireki eta gardenarekin".
Iragarpena Bartzelonan, Mobile World Congress (MWC) erakundearen afari ofizialean egin duen hitzaldian egin du. Astelehenetik ostegunera izango da nazioarte mailako ospea duen teknologia berrien topaketa.
Sanchezek azaldu duenez, Gobernuak Barcelona Supercomputing Center (BSC), Espainiako Superkonputazio Sarea, Real Academia Española de la Lengua (RAE) eta Asociación de Academias de la Lengua Española erakundeekin lankidetzan jardungo du helburu hau lortzeko, eta Iberoamerikako herrialdeak ere gonbidatu ditu ekimenarekin bat egin dezaten.
"Espainiak adimen artifizialaren garapenean Europan eta nazioartean paper garrantzitsua izatea nahi dugu", aldarrikatu du Espainiako presidenteak, MWCren antolatzaile diren operadore mugikorren patronalaren (GSMA) ordezkarien aurrean egindako hitzaldian.
AAk dakarren erronkaren aurrean, Gobernuburuak azpimarratu du beharrezkoa dela teknologia hori enpresa zein zientzia sisteman eta politika publikoen diseinuan hedatzea.
Aurrerapen teknologikoen eta "joera, aurreiritzi eta demokrazioaren galera ekidin dezakeen ikuspegi humanista"ren arteko oreka defendatu du Sanchezek. "Ahalegin guztiek koordinatuta egon behar dute. Horregatik, digitalizazioaren gobernantza globala defendatzen dugu, Europako mugetatik haratago joango dena", gaineratu du.