Ekonomia -
Garraioa
Espainiako Gobernuak nazioarteko loturarik gabeko bi ordu eta erdiko hegaldien murrizketa bultzatuko du
PSOEk eta Sumarrek legez besteko proposamena adostu dute Kongresuko Batzordean. Era berean, Espainiako Gobernuak jet pribatuak murrizteko eta kerosenoa zergapetzeko Europako marko legala aztertuko du.
EITB Media
Espainiako Gobernuak 2,5 ordu baino gutxiagoko iraupena eta trenez bidaiatzeko alternatiba duten hegaldien murrizketa bultzatuko du, nazioarteko loturarik ez duten kasuetan, PSOEk eta Sumarrek gaur Trantsizio Ekologikorako Batzordean adostutakoaren arabera.
Bi indar politiko horiek legez besteko proposamena adostu dute. Era berean, Espainiako Gobernuak jet pribatuak murrizteko eta kerosenoa zergapetzeko Europako marko legala aztertuko du. PPk eta Vox ultraeskuineko alderdiak kontrako botoa eman dute bozketan.
Bi ordu eta erdi baino gutxiagoko iraupena duten estatu barruko hegaldiak murrizteko neurria, beti ere ibilbide berdina trenez egiteko aukera dagoenean, PSOEk eta Sumarrek urriaren 22ko hauteskunde orokorren ostean sinatutako gobernu akordioan jasota dago.
Hala ere, Sumar sozialistak "haratago" eramaten saiatu da; izan ere, Yolanda Diazen mugimendu politikoak hiru orduko hegaldiak ezabatzearen ondorioak aztertzea nahi baitzuen, hegazkinen isuriak murrizteko helburuarekin.
Hegazkineria munduko isurien % 5-8aren arduraduna dela estimatzen da, eta neurririk hartu ezean 2050ean sektoreak eragindako kutsadura bikoiztea espero da, mundu mailan berotegi-efektuko gasen laurden bat suposatu arte, Green European Foundationek egindako Europako Mugikortasun Atlasaren arabera.