Ekonomia -
Lan ikuskaritza
Lan Ikuskaritzak 33.617 kontratu bihurtu ditu mugagabe legealdian Euskadin
Legealdiko 22.390 ikerketa-jardueratan 1.666 arau-hauste egin dira, eta 8,7 milioi euro bildu dituzte.
Agentziak - Eitb Media
Euskadiko Lan Ikuskaritzak legealdian 33.617 kontratu mugagabe eta lanaldi osokoak bihurtu ditu, berrikusitako 88.059 kontratuen % 38. Guztira, 22.390 ikerketa-jarduera egin dituzte, eta horien emaitza 1.666 arau-hauste izan dira, 8,7 milioi euro bilduta. Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Elena Pérez Barredok, eman ditu datuak gaur, Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Iciar Gonzálezekin batera.
Kopuruei dagokienez, balantzeak erakusten du 2023an kontratazioari egindako iruzurraren aurkako jarduera globalek 18.627 kontratu berrikusi zituztela. Horietatik 5.316 kontratu mugagabe eta lanaldi osoko bihurtzea lortu zen.
Lan-harremanak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin lotutako guztia ere Ikuskaritzaren jardueraren parte dira. Ildo horretan, Iciar Gonzalezek azpimarratu du 2023an 196 jarduera egin zituztela sexu-jazarpenaren eta jazarpen-protokoloen arloan, 20 sexu-diskriminazioagatik, 17 ordainsari-desberdintasunagatik eta 247 berdintasun-planak ezarri zirela egiaztatzeko 50 langiletik gorako enpresetan.
Gonzalezek eraikuntzako obretan segurtasun- eta osasun-baldintzak egiaztatzeko egindako 2.424 ikuskapenak ere aipatu ditu, 68 arau-hausterekin. Lantokietan, aldiz, 1.372 izan dira segurtasun-baldintzei buruzko ikuskapen-jarduerak (93 arau-hauste). 2023an, 11 zigor-espediente eta 6 zuzenketa-errekerimendu ireki dira, lan-istripu hilgarriak eta oso larriak ikertzeagatik. Horrez gain, 97 espediente, 85 errekerimendu istripu larriengatik, 142 espediente eta 105 errekerimendu istripu arinengatik.
Bestalde, 995 jarduera egin dituzte, 4 arau-hausterekin, amiantoa kentzeko lanen arloan; izan ere, elementu kantzerigenoa denez, debekatuta dago lantoki berrietan edo makina berrietan erabili eta ezartzea. Era berean, 236 jarduera egin dituzte amiantoak profesionalei eragindako gaixotasunak ikertzeko (bi arau-hauste).
Ikuskaritzako langileen kopuruari dagokionez, Pérez Barredok adierazi du legealdi honetan 14 ikuskaritza-plaza eta azpi-ikuskaritzako bi sortu direla, hau da, % 25eko igoera izan da. Gogora ekarri du Sailak oposizio horiek prestatzeko eta aukera-berdintasuna bermatzeko atera dituen sei beken deialdia. Era berean, Lan Ministerioak azpi-ikuskaritzako oposizioak deitu zituen 2023an, eta Ikuskaritzako lekualdatze-lehiaketa egitea aurreikusi du, Euskadin dauden lanpostu hutsak betetzen jarraitzeko asmoz.