Ekonomia -
Lan gatazka
Bilbobuseko langileak lanuztea eta mobilizazioak areagotzea aztertzen ari dira, hitzarmen berria eskatzeko
Otsailean, guztira, sei protesta egun deitu ditu enpresa batzordeak: hiru greba egun eta lau orduko lanuzteak beste hiru egunetan. Gaurko 24 orduko lanuztea % 100eko jarraipena izaten ari da eta gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira, enpresa batzordearen arabera.
Agentziak | EITB Media
Negoziazioa ez atzera ez aurrera dagoela eta, Bilbobuseko enpresa batzordeak ohartarazi du litekeena dela datozen asteetan lanuzteak eta mobilizazioak "areagotzea". Izan ere, otsailean lau hilabete betetzen dira lan hitzarmena negoziatzeko mobilizazioak abiatu zituztenetik.
Jose Fernandez Bilbobuseko enpresa batzordeko presidentearen arabera, ez dute harremanik izan Bilboko Udalarekin eta enpresarekin, eta datozen astean erabakiko dute aurreikusitako mobilizazioak areagotu ala ez. Azaldu duenez, oraindik erabaki ez badute ere, lanuzteak eta mobilizazioak indartzea eta jarduera "are gehiago" mugatzea aztertzen ari dira.
Bilbobuseko beharginak 24 orduko beste greba egun batera daude deituta gaur, lan hitzarmena negoziatzeko, erosteko ahalmena mantentzeko eta lanaldi osoko kontratuak eskatzeko, besteak beste.
Gaurko 24 orduko lanuztea % 100eko jarraipena izaten ari da eta gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira, enpresa batzordearen arabera.
Otsailerako, guztira, sei mobilizazio egun deituak ditu enpresa batzordeak. Horietatik hiru greba egun —lehena, hilaren 5ean; bigarrena, gaurkoa, eta hirugarrena, otsailaren 27an—. Gainerakoak txandako lau orduko lanuzteak dira.
Grebaz gain, langileek manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan barrena, 07:30etik 11:30era. San Inazio auzoko Levante plazatik abiatu dira, eta besteak beste, Bilboko udaletxe aurretik igaro ostean Plaza Biribilean amaitu dute.
Hauek dira gaurko ezarritako gutxieneko zerbitzuak:
Greba mugagabea Tuvisan
Bien bitartean, indarrean jarraitzen du Gasteizko hiri autobusen grebak. Larunbatean abiatu zen, eta gaurkoa bigarren laneguna da. Atzo % 100ekoa izan zen jarraipena, enpresa batzordearen arabera (Tuvisaren arabera, ordea, % 75,6koa izan zen). Gutxieneko zerbitzuak % 30ekoak dira.
Maider Etxebarria alkateak (PSE-EE) eta Iñaki Gurtubai Tuvisako presidente eta EAJko zinegotziak azaldu dutenez, negoziazioak zabalik daude, eta asteon beste bilera bat egingo dute langileen ordezkariekin, datarik zehaztu ez badute ere. Bestalde, enpresa batzordeak uste du Udalak eta Tuvisak "gatazka artifizialki luzatzen" ari direla. Zehaztu du sindikatuek mezu elektronikoa bidali zietela ostiralean, baina orduz geroztik ez dutela "ezertxo ere jaso".
Aurrez, eta abendutik, mobilizazio eta lanuzte ugari egin dituzte Tuvisako beharginek. Pandemian galdutako autobusak berreskuratu, eta berriak erostea eskatzen dute, kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko. Horrez gain, fitxaketen harira neurriak hartzea eskatzen dute.