Ekonomia -
PROTESTAK, LEHEN SEKTOREAN
Gipuzkoako baserritarrek lehen sektorearen "egoera larria" salatu dute
Andoaindik eta Zarauztik abiatuta, traktore-martxa egin dute Donostiaraino. Batez ere, baserritar gazteek hartu dute parte protestan. Euren kasa antolatu dute mobilizazioa, sindikatuen babesik gabe. Baserria bizirik nahi bada, erakundeen eta gizarte osoaren babesa ezinbestekoak direla esan dute.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Gipuzkoara iritsi da gaur nekazarien protesta, eta beste lurraldeetan bezala, traktoreak atera dituzte kalera. WhatsApp bidezko talde baten bidez antolatu dira, sindikatuekin adostu gabe. 07:00etan elkartu dira Andoainen eta Zarautzen, eta handik Donostiarako bidea hartu dute. Hiriburuko kaleak zeharkatu ondoren, eguerdian, 13:00 inguruan, protesta Foru Aldundiaren egoitzaren parera iritsi da, hiru zutabetan banatuta. 120 bat traktore eta lur orotariko ibilgailu bildu dituzte protestan, eta horiek gidatzen, gehienbat gazteak.
Oroz gain, mezu bat helarazi dute: kostuen gainetik ordaindu behar zaiela baserritarrei, osterantzean ez dagoela bizirauterik. Azaldu dutenez, baserriei eustea nahi bada, erakundeen eta gizarte osoaren babesa ezinbestekoak dira. "Agenda 2030. Baserriaren hilerria. Gosez hilko da herria" izan da traktoreetan irakur zitekeen leloetako bat.
Joseba Pagadizabal Aiako baserritarra da gaurko mobilizazioa antolatu duenetako bat, eta haren hitzetan, "sindikatuak mugitzen ez zirela ikusita", erabaki zuten protestak euren kasa deitzea, "larri eta itota gaudelako". "Ikusten genuen beste leku denetan mugitzen ari zirela. Horregatik, erabaki genuen geu antolatzea eta jende asko batu zaigu. Itota eta larri gaude, eta gure egoera ikusaraztea nahi dugu", gehitu du.
Protesta amaituta, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiari euren kezkak biltzen zituen dokumentua helarazi diote. Euskadi Irratian gaur bertan egin dioten elkarrizketan, Mendozak baserritarrek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu du, eta haien lana "behar beharrezkoa" dela gehitu. Alde horretatik, "lehen sektorea babesteko neurriak" hartzen jarraituko dutela esan du, eta besteak beste, azpimarratu du nekazarien faktura fiskala jaisteko Batzar Nagusiek onartu berri duten duten araua.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, goizeko lehen orduan, gutxienez bi kilometroko ilarak sortu dira, N-1 errepidean, Donostiako noranzkoan, baina protestak ez du aparteko trafiko arazorik eragin.
EHNE eta ENBA sindikatuen arabera, deialdia errespetatzen dute, jakin badakitelako parte-hartzaileen artean badirela euren afiliatuak ere, baina ez dute sindikatu bezala bat egingo mobilizazio horrekin, eta martxoaren 1ean abiatuko dute euren protesta egutegia.
Bestalde, nekazarien protestei buruz galdetuta, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu du Jaurlaritzak EAEko elikaduraren legean egon litezkeen zirrikituak aztertu dituela. Araudian aldaketak egiteko prest agertu da, betiere baserritarrek bidezko irabaziak izan ditzaten.
Halaber, Nafarroako nekazariek mobilizazioei berrekin diete gaur, baina Iruñetik kanpo, joan den astean Foru Gobernuarekin adostu bezala.
Noaingo, Tafallako eta Valtierrako sarrera-irteeretan egin dituzte protestak, baina Foruzaingoak esan duenez, ez da aparteko arazorik sortu. Gorabehera batzuk bai, baina ez joan den astean izandako blokeoak.