Ekonomia -
Nafarroako lehen sektorea
Nafarroako Gobernuaren konpromisoak lortu ostean, traktoreak Iruñetik eraman dituzte nekazariek
Aierdi eta Arasti kontseilariak Nafarroako nekazaritza sektoreko ordezkariekin bildu dira ostiral honetan, eta sektorearen zergak hobetzeko "berehala" lanean hastea adostu dute. Iruñeko erdiguneko zirkulazioa normaltasunera itzuli da, traktore gehienak hiriburutik irten ostean.
EITB Media
Nekazariek Iruñeko erdigunea kolapsatu duten mila traktore inguru atera dituzte hiruburuko kaleetatik, hiru ordu baino gehiago iraun duen bileran Nafarroako Gobernuaren hainbat konpromiso lortu ostean; besteak beste, sektorearentzako pizgarri fiskalak.
Iruñeko erdigunean, zirkulazioak normaltasuna berreskuratu du, azken bi egunetan Nafarroako hiriburua kolapsatu duten traktore gehienek bertatik alde egin ostean.
Konpromisoaren baitan, Nafarroako nekazaritza-sektorearentzat zerga-erreforma onuragarri bat bultzatuko dute, 2025ean aplikatzen hasteko, baina atzeraeraginez beteko da 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera. Halaber, elikadura-katearen legearen, EBko nekazaritza politika komunaren, mahastien 'uzta berdearen' eta estepako hegaztien inguruko konpromisoak ere lortu dira, besteak beste.
Bilera Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren egoitzan egin dute. Eraikinaren parean kokatu dituzte nekazariek traktoreak, eta, ondorioz, kalea moztu behar izan du Udaltzaingoak. Kalean, txaleko horiak zeramatzaten ehunka nekazari bildu dira, bileratik zer emaitza aterako zuten zain.
Nafarroako Gobernuaren aldetik, Jose Mari Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria egon dira; nekazarien aldetik, berriz, UAGN, UCAN, EHNE eta Alinar nekazarien elkarteetako ordezkariak eta otsailaren 6tik mobilizatzen ari diren nekazarien ordezkaritza bat.
Bilera amaitu ostean, mobilizatutako nekazarien kolektiboko bozeramaileak, Salvador Morenok, traktore batean igota azaldu die lankideei bileraren emaitza. Nabarmendu duenez, Nafarroako Gobernuak "gutxienez jarrera ona" du negoziatzeko, eta, hiru ordutan ezin dela "20 edo 30 urtetan izorratzen joan dena konpondu" aitortuta ere, "lehen urratsa da", esan du.
Azpimarratu duenez, "hobekuntza fiskal eraginkor bat landuko da, eta zenbakitan zehaztea zaila den arren, beste probintzia batzuekiko diskriminaziorik ez eragitea ekarriko du". Gainera, Morenoren arabera, "Plan Hidrologikoa garatzeko konpromisoa hartu dute [kontseilariek] hitzez, eta hor sartzen ditugu ura, ureztatzeak eta Nafarroako Ubidearen bigarren fasea".
Era berean, 1.100 hektareako mahastien "uzta berdea" (Errioxa Jatorrizko Deituraren 600 hektarea eta Nafarroa Jatorrizko Deituraren 500 hektarea) baimenduko dela iragarri du, eta estepako hegaztien proiektua "kaxoian eta ahaztuta dagoela bermatu digute".
Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak izan ez arren, sektorearentzat kezka-iturri diren beste gai batzuk ere jorratu dituzte bileran.
Erkidego mailan, "EBko nekazaritza politika komunaren sinplifikazioa" izan dute hizpide, eta nazio mailan, Elikadura Katearen legearen ezarpena defendatzeko borondatea dutela esan du.
Nekazariek kezka agertu dute, bestalde, laborari batzuk, krisi neurrien harira, BEZa % 0 kobratu baina % 10 edo % 20 ordaintzen ari direlako, eta, ondorioz, "urte amaieran zenbaki positiboak pilatzen zaizkie". Horiek esanetan, Nafarroako Gobernuak hitz eman du aztertuko duela zer egin dezakeen, bere eskumena ez den arren, "itzulketak arindu daitezen".
Nekazariek "koaderno digitala" ere jarri dute mahai gainean: "Nekazariek egiten dizkiguten komunikazioak fisikoki eta gutunez egitea eta argazki geoerreferentziatuak borondatezkoak izatea eskatu dugu". "Badakigu digitalizaziorako joera dugula, baina badakigu, halaber, pertsona asko ez gaudela horretarako gaituta", esan du. Morenoren arabera, kontseilariek gaia aztertzeko konpromisoa hartu dute, Foru Gobernuaren eskumena ez den arren, aitortu du "sentsibilizatuta" ikusi dituztela, "eta joera izan daiteke bakoitzak aukeratzea nola egin nahi duen", erantsi du.
(informazioa osatzeko lanean ari gara)