Ekonomia -
Lehen sektorearen protestak
Arabako Aldundiak Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzen epeak bizkortuko dituela hitzeman dio UAGAri
Sindikatuaren ordezkariek azaldu dutenez, gainera, Aldundiak lantalde bat osatuko du sindikatuarekin eta gainerako eragileekin sektorearen egoera aztertzeko.
agentziak | eitb media
Arabako Aldundiak Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntzen izapideak, ebazpenak eta ordainketak bizkortuko dituela hitzeman dio UAGA sindikatuari, eta Aldundiak eta sindikatuak, gainerako eragileekin batera, lantalde bat osatuko dute, lehenengo sektorearen egoera aztertzeko.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak bi orduko batzarra egin du UAGAko ordezkariekin Aldundiaren egoitzan, kanpoan dozenaka nekazari zain zituztela.
Bilera amaitu denean, UAGAko ordezkariek hitz egindakoaren berri eman diete kazetariei, eta tentsio handiko uneak izan dira, bertan zeuden protestari askorentzat batzarra "itxurakeria" hutsa izan delako.
UAGAko eledunek jakinarazi dutenez, Aldundiak sindikatuarekin eta beste eragile batzuekin batera lantalde bat osatuko du sektorearen egoera jorratzeko.
Gainera, NPBren izapideen, ordainketen eta ebazpenen epeak murrizteko konpromisoa helarazi die ahaldun nagusiak. UAGAk Gonzalezi esan dio laguntzak eskatzeko epe bat duten bezalaxe, Aldundiak ere epe bat izan beharko lukeela laguntzak ordaintzeko, ez ditzan "urtebete geroago" eman.
Lehenengo, instalazioak eguneratzeko eta belaunaldi aldaketa errazteko laguntzak hobetuko dituela ere hitzeman omen du ahaldun nagusiak.
UAGAko ordezkarientzat, "aurrerapausoak" dira horiek guztiak. "Nahikoa? Ez, baina gauzak ez dira egun batetik bestera konpontzen", adierazi dute.
Ahaldun nagusiarekin batzarra egin baino lehenago, nekazariek martxa egin dute Gasteizera, nahiz eta gaur soilik lau traktorek parte hartu duten.
Etorkizunari begira, sektoreak batzarrak egingo ditu eskualdeka, eta mobilizatzen jarraituko du: "Behar den guztia borrokatzen jarraituko dugu".