Ekonomia -

Etxebizitza

Errenteria, eremu tentsionatu izendatzea formalki eskatu duen lehen udalerria

Eremu tentsionatu izendatzeko eskaerak, gainera, Udal Etxebizitza Plan bat jasotzen du hurrengo hiru urteetarako.

Errenteria (Gipuzkoa). Irudia: Amaia de Leon
Errenteria (Gipuzkoa). Irudia: Amaia de Leon
Errenteria (Gipuzkoa). Irudia: Amaia de Leon

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errenteriako Udalak astearte honetan onartu du, Tokiko Gobernu Batzarrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzea Gipuzkoako herria etxebizitza eremu tentsionatu izendatzea, eskaera formala egin ahal izateko behar diren agiriak bukatu ondoren.

Horrela, Jaurlaritzari mekanismo hori aktibatzeko eskaera formala egingo dion lehen udalerria izango da. Mekanismo horri esker, besteak beste, alokairuaren prezioak arautu ahal izango dira.

Errenteriako Udalak azaldu duenez, etxebizitza-kopuruaren hazkundea azken 10 urteetan izandako biztanleria-hazkundearekiko proportzionala izan bada ere, udalerriko merkatuaren egoerari buruz egindako diagnostikoak egiaztatu du "etxebizitza-hornidura eskasa izateko arriskua dagoela, eta, gainera, etxebizitza hutsen parke oso txikia dela (% 5,5), bigarren etxebizitza murriztu den arren (% 7,7)".

Biztanleriaren hazkundeak (% 5 baino gehiago) eta "zahartzearen eta egungo dinamiken ondorioz etxebizitza-parkearen erabilera ez hain intentsiboak (familien % 62 pertsona 1 edo 2k osatzen dute) eskariaren presioa eragiten dute, eta horrek etxebizitzaren prezioak igotzea dakar".

Udalak azpimarratu duenez, egoera hori "larriagotu egiten da Donostiako metropoli-eremuko etxebizitzaren garestitasunak ere eragiten duen presioagatik, eta, aldi berean, gazteak inguruko beste udalerri batzuetara lekualdatzen ari direlako", hala nola Errenteriara.

Etxebizitzaren prezioaren pixkanakako igoeraren ondorioz, alokairuko etxeen kopurua % 73 hazi da azken hamarkadan Errenterian, baina baita "merkatu librean alokairua ordaintzeko zailtasunak nabariagoak ere; dagoeneko emantzipatuta dauden familien eskaera handia baita Etxebiden, etxebizitza babestu eskuratzeko, alokairuak ordaintzeko hilero egiten duten ahalegina murriztea bilatzen dutelako".

Udalak gogorarazi du STOP Etxegabetzeak plataformak mozioa aurkeztu zuela 2023ko uztaileko Udalbatzan, eta Errenteriako Udalari eskatu ziola Eusko Jaurlaritzari eska ziezaiola udalerria eremu tentsionatu izendatzea. Mozioa gehiengo zabalarekin onartu zen.

Eremu tentsionatu izendatzeko eskaerak, gainera, Udal Etxebizitza Plan bat jasotzen du hurrengo hiru urteetarako. Egitasmo hori Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin batera landu da. Ildo horretan, Jaurlaritzarekin koordinatuta etxebizitza publikoen kopurua handitzen jarraitzea da egitasmoan jasotako neurri estrategiko garrantzitsuenetako bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Errenteria Albisteak Etxebizitza