Ekonomia -
Lehen sektorea
Traktoreek Arabako eta Nafarroako errepideak blokeatu dituzte, asteazken honetan errepikatuko den protestan
500 traktore inguru bildu dira Jundizko industrialdean. Arratsaldean, N-1 errepidera atera dira Zurbanoko Atetik, traktoreak Buesa Pabilioiko aparkalekuan aparkatzeko eta bertan gaua igarotzeko. Asteazken honetan aterako dira karabanan Eusko Jaurlaritzaren egoitzara.
EITB MEDIA
Orain astebete Ipar Euskal Herriko baserritarrek egin zuten bezala, Arabako eta Nafarroakoak gaur batu dira Europan hasitako protesta oldera. Traktoreak atera dituzte herriguneetara, nekazaritza sektorearen egoera "jasanezina" dela salatzeko. Hala nola, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) malgutzea exijitzen dute: ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea, edo burokrazia arintzea dira eskari nagusiak.
Ingurumari horretan, Europako Batzordeak pestiziden inguruko lege proposamena erretiratuko duela iragarri du, eta berau nekazariekin negoziatuko duela azpimarratu.
Nafarroan goizean goizetik (06:30ean) hasi dituzte protestak. Ehunka traktore errepidera irten dira eta Iruñeko eta beste udalerri batzuetako sarbideak blokeatu dituzte. Mobilizazioek eragin berezia izan dute Iruñeko saihesbidean (PA30), traktoreak hiru puntutan bildu baitira (iparraldean, hegoaldean eta ekialdean), eta 5 km/h-ko abiaduran gainerako ibilgailuen joan-etorria oztopatu dute.
Guardia Zibilak trafikoa bideratu du, eta nekazari batzuk identifikatu ditu, mobilizazioak aldez aurretik jakinarazi ez dituztelako.
Foruzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, "traktoreen mobilizazio orokorrak" eragin berezia izan du PA30 errepideko "puntu estrategikoetan, eta tarteka trafiko etenak izan dituzte Talluntxe (Noain), Berriozar, Itaroa, Olatz eta Artikako bihurguneetan. Halaber, arazoak sortu dira Tafallan (N-121a), Irunberrin eta Lizarran, besteak beste.
Gainera, 18:15ak aldera traktoreak Iruñeko erdigunera iritsi dira. Hamarnaka traktore ibili dira Nafarroa Behereko etorbidean, bi norabideetan, Udaltzaingoa zirkulazioa bideratzen, eta Amaya eta Olite kaleetan ere ibili dira.
Gobernuaren arabera, 60 traktore inguru izan dira 18:00ak aldera Iruñeko sarreran auto-ilarak sortu dituztenak, eta horiek izan daitezke autoen martxa moteldu dutenak.
Baserritarrek euren kabuz antolatu dituzte protestok, WhatsApp talde baten bitartez. Foruzaingoak eta Guardia Zibilak bildutako datuen arabera, 800 bat traktore atera dira Nafarroako errepideetara. Gehienak Iruñerrian (150 ibilgailu), Tutera parean eta Lizarraldean (beste 130na); azken horretan, (beste 130) A-12an, Villatuertan.
Berez, hiru traktore-martxa zituzten iragarrita, eta horretarako baimenak eskatuta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan. Lehena, 07:00etan abiatu da Azagratik Carcarrera. Bigarrenak Erribera zeharkatu du, Valtierratik Tuterara. Hirugarrena Cientruenigotik abiatu da, eta bitan zatitu: Castejonera batzuk, eta Tuterara besteak.
UAGN, EHNE eta UCAN sindikatuek ez dute mobilizazioekin bat egin. Esan dutenez, deialdi bateratu bat adosteko harremanetan daude.
Protesten inguruan galdetuta, Maria Chivite Nafarroako presidenteak esan du ez datorrela bat nekazariek egin dituzten bi aldarrikapenekin. Biak ala biak (moduluen araberako zerga sistema berrezartzea eta arau-hausteengatik ezarritako isunak kentzea) Foru Gobernuaren eskumena dira. Dena dela, manifestaziorako eskubidea bermatu behar dela azpimarratu du.
500 traktore Araban
Araban, UAGA Arabako nekazarien sindikatuak deituta egin dute protesta, Gasteizen.
Goizean goiz atera dira traktoreak Aguraindik, Kanpezutik edo Samaniegotik. Arabako Errioxan, N-140 errepidean ilara luzeak sortu dira mobilizazioak tarteko. Traktoreen zirkulazio geldoak pilaketak, 2-3 kilometrokoak, eragin ditu A-1ean, Barrundia parean eta Gasteizko noranzkoan, Agurain parean eta Guardian.
10:00-11:00etan heldu dira Gasteizera. Jundizko industriagunean egin dute hitzordua, eta handik industrialdeko banaketa zentro logistikoetatik ibilbidea egin dute.
Hura bukatuta, adierazpenak egin ditu Jon Moraza UAGAko presidenteordeak. Salatu duenez, sektorea "oso nekatuta eta kaltetuta" dago, eta auzia "hobetzen ez bada, mobilizazio gehiago" deituko dituztela ohartarazi du.
Bazkalorduan, 14:00-15:00etako tartean, N-1 errepidera irten dira Zurbanoko Atetik. Buesa Pabilioiko aparkalekura joango dira eta han emango dute gaua.
Asteazkenean, Eusko Jaurlaritzarako bidea hartuko dute ilaran. Manifestu bat irakurriko dute bertan, eta, ondoren, atzera berriz Jundizera itzuliko dira, bertan lan egiten duten plataforma logistikoen aurrean protesta egiteko.
Gasteizko Udaltzaingoak ohartarazi duenez, bi egunotako mobilizazioek TUVISAko autobus zerbitzuari eragin diezaioke.
Auziaz galdetuta, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi du nekazarien "kezka partekatzen" duela. Bat egin du "zama burokratikoa arintzeko" eskaerarekin eta inportatutako produktuei Europakoek bete beharreko "baldintza berberak" eskatzearekin.
Bestalde, Jaurlaritzak azpimarratu du lehen sektorearekin orain arte bezala "estuki lan egiten" jarraituko duela. Dena dela, Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak nabarmendu duenez, Arabako protestetan ez dituzte Gasteizko gobernuari zuzendutako "eskaera zehatzik" egin.
Bizkaian, ostiralean
EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek hilaren 9rako Bilbon deitu dute protesta, merkataritza libreko itunak amaitzea eta baserritarrentzat prezio justuak bermatzea aldarrikatzeko.
Traktore-martxak sei eskualdetik aterako dira goizean goiz: Karrantza (Kooperatiba, 06:30ean), Gernika (Eroski, 07:00etan), Mungia (Kooperatiba, 08:00etan), Durangaldea (Matienako Eroski, 08:00), Markina ("Praue", 07:00etan) eta Erandio (Asuako Makro, 08:15ean).
Gipuzkoan, oraingoz, ez dago protestarik deituta. Xabier Iraola ENBA sindikatuko kideak Euskadi Irratiari azaldu dionez, lurralde bakoitzak "balorazio propioa" egin du, eta Gipuzkoan "errazena olatura igotzea" bazen ere, mobilizaziorik ez antolatzea erabaki dute. Argudiatu duenez, arazoa "hain da sakona, hainbeste erpin ditu", ezen ez zuten nahi sektoreak "ihesbide" bezala hartzea eta "gero etxera frustrazioarekin bueltatzea".