Ekonomia -
NEKAZARITZA
Ehunka traktorek Arabako eta Nafarroako errepideak blokeatu dituzte, nekazarien protesta betean
Nafarroako nekazariek euren kabuz antolatutako mobilizazioek Iruñeko saihesbidea (PA30) trabatu dute. Tafallan, Lizarran eta Irunberrin ere arazoak sortu dira. UAGAk deituta, Arabako hainbat lekutatik ateratako 500 bat traktore Gasteizera heldu dira, eta bihar arte protesta egingo dute.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Orain astebete Ipar Euskal Herriko baserritarrek egin zuten bezala, Arabako eta Nafarroakoak gaur batu dira Europan hasitako protesta oldera. Traktoreak atera dituzte herriguneetara, nekazaritza sektorearen egoera "jasanezina" dela salatzeko. Hala nola, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) malgutzea exijitzen dute: ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea, edo burokrazia arintzea dira eskari nagusiak.
Ingurumari horretan, Europako Batzordeak pestiziden inguruko lege proposamena erretiratuko duela iragarri du, eta berau nekazariekin negoziatuko duela azpimarratu.
Nafarroan goizean goizetik (06:30ean) hasi dituzte protestak. Ehunka traktore errepidera irten dira eta Iruñeko eta beste udalerri batzuetako sarbideak blokeatu dituzte. Mobilizazioak eragin berezia izaten ari dira Iruñeko saihesbidean (PA30), traktoreak hiru puntutan bildu baitira (iparraldean, hegoaldean eta ekialdean), eta 5 km/h-ko abiaduran ari dira gainerako ibilgailuen joan-etorria oztopatzen.
Guardia Zibila ari da trafikoa bideratzen, eta nekazari batzuk identifikatu ditu, mobilizazioak aldez aurretik jakinarazi ez dituztelako.
Foruzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, "traktoreen mobilizazio orokorrak" eragin berezia izan du PA30 errepideko "puntu estrategikoetan), eta tarteka trafiko etenak dituzte Talluntxe (Noain), Berriozar, Itaroa, Olatz eta Artikako bihurguneetan. Halaber, arazoak sortu dira Tafallan (N-121a), Irunberrin eta Lizarran, besteak beste.
Egoera horren aurrean, Foruzaingoak joan-etorriak "denboraz" antolatzea eta bigarren mailako errepideak erabiltzea gomendatu du. Gainera, "pazientzia eta ulermena" galdegin die herritarrei, protestak tarteko, errepidean sortu daitezkeen ilarak eta itxieren aurrean.
Baserritarrek euren kabuz antolatu dituzte protestok, WhatsApp talde baten bitartez. Foruzaingoak eta Guardia Zibilak bildutako datuen arabera, 800 bat traktore atera dira Nafarroako errepideetara. Gehienak Iruñerrian (150 ibilgailu), Tutera parean eta Lizarraldean (beste 130na); azken horretan, (beste 130) A-12an, Villatuertan.
Berez, hiru traktore-martxa zituzten iragarrita, eta horretarako baimenak eskatuta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan. Lehena, 07:00etan abiatu da Azagratik Carcarrera, eta 18:00ak arte egon behar ziren protestan. Bigarrenak (09:00-19:00) Erribera zeharkatuko du, Valtierratik Tuterara. Hirugarrena (08:00-20:00) Cientruenigotik abiatu da, eta bitan zatitu: Castejonera batzuk, eta Tuterara besteak.
UAGN, EHNE eta UCAN sindikatuek ez dute mobilizazioekin bat egin Esan dutenez, deialdi bateratu bat adosteko harremanetan daude.
Protesten inguruan galdetuta, Maria Chivite Nafarroako presidenteak esan du ez datorrela bat nekazariek egin dituzten bi aldarrikapenekin. Biak ala biak (moduluen araberako zerga sistema berrezartzea eta arau-hausteengatik ezarritako isunak kentzea) Foru Gobernuaren eskumena dira. Dena dela, manifestaziorako eskubidea bermatu behar dela azpimarratu du.
500 traktore Araban
Araban, UAGA Arabako nekazarien sindikatuak deituta egingo dute protesta gaur-biharretan, Gasteizen.
Goizean goiz atera dira traktoreak Aguraindik, Kanpezutik edo Samaniegotik. Arabako Errioxan, N-140 errepidean ilara luzeak sortu dira mobilizazioak tarteko. Traktoreen zirkulazio geldoak pilaketak, 2-3 kilometrokoak, eragin ditu A-1ean, Barrundia parean eta Gasteizko noranzkoan, Agurain parean eta Guardian.
10:00-11:00etan heldu dira Gasteizera. Jundizko industriagunean egin dute hitzordua, eta handik industrialdeko banaketa zentro logistikoetatik ibilbidea egin dute.
Hura bukatuta, adierazpenak egin ditu Jon Moraza UAGAko presidenteordeak. Salatu duenez, sektorea "oso nekatuta eta kaltetuta" dago, eta auzia "hobetzen ez bada, mobilizazio gehiago" deituko dituztela ohartarazi du.
Bazkalorduan, 14:00-15:00etako tartean, N-1 errepidera irtengo dira Zurbanoko Atetik. Buesa Pabilioiko aparkalekura joango dira eta han emango dute gaua.
Asteazkenean, Eusko Jaurlaritzarako bidea hartuko dute ilaran. Manifestu bat irakurriko dute bertan, eta, ondoren, atzera berriz Jundizera itzuliko dira, bertan lan egiten duten plataforma logistikoen aurrean protesta egiteko.
Gasteizko Udaltzaingoak ohartarazi duenez, bi egunotako mobilizazioek TUVISAko autobus zerbitzuari eragin diezaioke.
Auziaz galdetuta, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi du nekazarien "kezka partekatzen" duela. Bat egin du "zama burokratikoa arintzeko" eskaerarekin eta inportatutako produktuei Europakoek bete beharreko "baldintza berberak" eskatzearekin.
Bestalde, Jaurlaritzak azpimarratu du lehen sektorearekin orain arte bezala "estuki lan egiten" jarraituko duela. Dena dela, Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak nabarmendu duenez, Arabako protestetan ez dituzte Gasteizko gobernuari zuzendutako "eskaera zehatzik" egin.
Bizkaian, ostiralean
EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek hilaren 9rako Bilbon deitu dute protesta, merkataritza libreko itunak amaitzea eta baserritarrentzat prezio justuak bermatzea aldarrikatzeko. Bi sindikatuek bilera egingo dute gaur, 13:00etan, Abadiñon, baina dagoeneko iragarri dituzte ostiraleko protesten ordutegiak.
Traktore-martxak sei eskualdetik aterako dira goizean goiz: Karrantza (Kooperatiba, 06:30ean), Gernika (Eroski, 07:00etan), Mungia (Kooperatiba, 08:00etan), Durangaldea (Matienako Eroski, 08:00), Markina ("Praue", 07:00etan) eta Erandio (Asuako Makro, 08:15ean).
Gipuzkoan, oraingoz, ez dago protestarik deituta. Xabier Iraola ENBA sindikatuko kideak Euskadi Irratiari azaldu dionez, lurralde bakoitzak "balorazio propioa" egin du, eta Gipuzkoan "errazena olatura igotzea" bazen ere, mobilizaziorik ez antolatzea erabaki dute. Argudiatu duenez, arazoa "hain da sakona, hainbeste erpin ditu", ezen ez zuten nahi sektoreak "ihesbide" bezala hartzea eta "gero etxera frustrazioarekin bueltatzea".
Azpimarratu du "errespetu osoa" diela kideen protestei, "mila motibo" daudelako, baina sektorearen arazo ezberdinen "jatorria identifikatu" eta "zatika" erantzuteko deia egin du. Horren ustez, lehentasuna "errentagarritasuna bermatzea" da.
Bestalde, Garraio Sektorearen Defentsarako Plataforma Nazionalak, errepideko milaka garraiolari autonomo eta enpresa txiki eta ertainak biltzen dituenak, nekazarien protestekin bat egitea erabaki du, datorren larunbatetik aurrera lanuzte mugagabea deituta. 2022ko martxoan 20 eguneko greba bultzatu zuen plataforma berak. Orduan Espainiako Estatuko banaketa katea kolokan jarri zuen. Hala ere, sektoreko enpresa handiak biltzen dituzten patronalen babesik ez du.