Ekonomia -

NEKAZARITZA

Europan hasitako protesta oldera batuko dira bihartik aurrera Hego Euskal Herriko baserritarrak

Traktoreak aterako dituzte kalera Nafarroan, Araban eta Bizkaian. Ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea, edo burokrazia arintzea dira aldarri nagusiak.

Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain astebete Ipar Euskal Herriko baserritarrek egin zuten bezala, Hegoaldekoak bihartik aurrera batuko dira Europan hasitako protesta oldera. Traktoreak aterako dituzte herriguneetara, nekazaritza sektorearen egoera jasanezina dela salatzeko. Hala nola, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) malgutzea exijitzen dute: ekoizpen prezioak bermatzea, merkataritza askeko akordioen negoziazioak etetea, edo burokrazia arintzea dira eskari nagusiak.

Oraingoz, ez dago deialdi bateraturik lurralde guztietarako. UAGA Arabako nekazarien sindikatuak etzirako, otsailak 7, deitu du protesta Gasteizen, eta  Bizkaiko EHNEk eta ENBAk hilaren 9rako, Bilbon. Nafarroan, berriz, hainbat baserritarrek maila pertsonalean deitu dute mobilizazioa biharko, Foru Erkidegoko leku ezberdinetan.

Ohar batean, UAGA Arabako nekazarien sindikatuak zehaztu du bihar 10:00etatik 11:00etara bitartean traktore-martxa bat iritsiko dela Gasteizko Jundizko poligonora. Hango aparkalekuan igaroko dute gaua, eta asteazkenean Eusko Jaurlaritzarako bidea hartuko dute ilaran. Manifestu bat irakurriko dute bertan, eta, ondoren, atzera berriz Jundizera itzuliko dira, bertan lan egiten duten plataforma logistikoen aurrean protesta egiteko.

Era berean, Nafarroan hiru traktore-martxa deitu dituzte biharko, baserritar talde batek Whatsapp bidez antolatuta. Azagratik Carcarrera joango da horietako bat, Valtierratik Tuterara beste bat, eta Cientruenigotik Castejonera hirugarrena. 300 bat traktore batzea espero dute. UAGN, EHNE eta UCAN sindikatuek, oraingoz, ez dute bat egin protestekin. Esan dutenez, deialdi bateratu bat adosteko harremanetan daude.

Bere aldetik, EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek hilaren 9rako Bilbon deitu dute protesta, merkataritza libreko itunak amaitzea eta baserritarrentzat prezio justuak bermatzea aldarrikatzeko. Dei egin dute datorren ostiralean Bilboko Areatzan traktoreak elkartzeko, ibilgailuak hainbat eskualdetatik abiatu ondoren.

Gipuzkoan, oraingoz, ez dago protestarik deituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Bilbo Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Nekazaritza