Ekonomia -
AURREIKUSPEN EKONOMIKOA
ELGAk aurreikusi du Espainiak % 1,5eko hazkundea izango duela 2024an, Europakoaren ia hirukoitza
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak urte honetarako eta datorrenerako aurreikuspenak eguneratu ditu. Horien arabera, Eurogunean bilakaera onena izango duen ekonomia Espainiakoa izango da.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Estatu espainiarreko ekonomiak % 1,5eko hazkundea izango du 2024an, aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago, eta 2025ean % 2 egingo du gora. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) datozen ekitaldietarako munduko ekonomiaz egindako aurreikuspenen txostenean bildu ditu datuok.
Hala, urte honetan zein datorrenean Eurogunean bilakaera onena izango duen ekonomia izango da Espainiakoa. Baita, 2024rako aurreikuspenak hobetuko dituena ere.
Kontrara, Alemaniako ekonomia aurreikusitakoa baino gutxiago haztea aurreikusi du ELGAk. Aurten, % 0,3ko hazkundea, eta 2025ean, % 1,1koa iragarri ditu erakundeak bere azken txostenean Alemaniarako—aurreko prebisioen arabera, % 0,6ko eta % 1,2ko igoerak espero ziren, hurrenez hurren—.
Frantzian ere, okerrera egin dute aurreikuspenek: 2024an ekonomia % 0,6 haziko dela jasotzen du gaur argitara emandako txostenak, aurrekoak baino bi hamarren gutxiago. 2025erako hazkunde prebisioa, berriz, % 1,2an mantendu da.
Inflazioari dagokionez, Espainian prezioak uste baino gutxiago igoko direla ere esan dute datuak bildu dituzten adituek; % 3,3 egingo du gora inflazioak, aurreikusitakoa baino lau hamarren gutxiago.
Orokorrean, aipatutako erakundeak murriztu egin ditu hazkunde aurreikuspenak Europa ia osoan, % 1etik beherako hazkunde prebisioarekin herrialde gehienetan: batez beste, % 0,6ko hazkundea iragarri dio Euroguneari urte honetarako eta % 1,2koa datorren urterako. Bestalde, Estatu Batuetako aurreikuspenak hobetu egin ditu. Aurten, hango ekonomia % 2tik gora haztea espero da.
ELGAko arduradunen arabera, Ekialde Hurbileko egoera mundu osoko ekonomian izaten ari da eragina, eta datozen hilabete eta urteetarako aurreikuspenetan eragin zuzena izango du. "Tentsio geopolitikoek ondorio arriskutsuak izan ditzakete epe laburrean ekonomian, bereziki, energiaren merkatuan", uste du ekonomia erakundeak.
Oro har, zor publikoa kontrolpean izatea aholkatu du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak eta hezkuntzaren esparruan eta klima aldaketari aurre egiteko politiketan inbertsio gehiago eskatu ditu.