Ekonomia -
Itunpekoen greba
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako familiek grebak "berehala" bertan behera uzteko eskatu diete sindikatuei
Guraso elkarteen federazio ezberdinek ohar bateratua atera dute "ikastoletan bezala, akordioa lortzeko" deia egiteko. Diotenez, "lan gatazka izateari utzi dio eta gatazka politiko bihurtu da".
Agentziak | EITB Media
EAEko itunpeko sarearen gizarte ekimeneko ikastetxeetako guraso elkarteek (Fapae, Feguiapa, Fapacne eta Bidelagun) otsailerako deituta dauden bost greba egunak "berehala" bertan behera uzteko deia egin diete sindikatuei.
Ohar bateratu batean, sindikatuei eskatu diete euren seme-alabak "gatazka politiko baten bahitu" ez bihurtzeko, auziak "lan gatazka izateari utzi dio" eta. Familien hitzetan, posible da aldeen artean akordioa lortzea, eta Ikastolen Elkarteak LAB sindikatuarekin itxitakoa jarri dute adibidetzat. "Guk dakigula eskainitako lan baldintzak berberak dira", erantsi dute.
Ostiralean bildu ziren azkenekoz Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalak eta ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuak. Bilera antzua izan zen, ez baitzuten akordiorik erdietsi, eta hala, otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako grebeei eustea ebatzi zuten.
Gurasoek azaldu dutenez, "orain arte" ez dute gatazkan muturra sartu nahi izan, eta "aldeei lan egiten utzi diegu gatazka gaiztotu ez zedin eta ahalik eta lasterren konpontzeko".
Orain, ordea, sindikatuei euren lanuzteen "eragin soziala eta etorkizunean eragin ditzakeen ondorioak" kontuan hartzeko deia egin diete. Salatu dute "ikastetxe batzuen bideragarritasuna arriskuan jartzen ari dira, batez ere aurrematrikulazio garaian".
Eurek aukeratutako ereduaren defentsa egin dute guraso elkarteek. "Uste dugu hezkuntza komunitatearen zati bat eredu hau desagerraraztea nahi izatea, baina horrek gure hezkuntza sistemaren aberasgarritasuna galaraztea baino ez du ekarriko", nabarmendu dute.