Ekonomia -

ENERGIA BERRIZTAGARRIA

Araban eta Bizkaian beste hiru parke eoliko egiteko eskariak jaso ditu Jaurlaritzak

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan lau parke eoliko daude martxan, eta beste dozena bat inguru izapidetze fasean daude.

Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media
Artxiboko irudia
Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araban eta Bizkaian beste hiru parke eoliko egiteko eskariak jaso ditu Eusko Jaurlaritzak, eta aste honetan publikatu dira eskaerak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Zehazki, gaur Okondoko, Aiarako eta Gordexolako lurretan parke eolikoa egiteko eskaria eman da ezagutzera. Argitalpenean zehaztuta dagoenez, Las Arenas Parke Eolikoa izena hartuko luke, eta 6 haize-sorgailu izango lituzke (34 MW-eko potentzia). Arena Green Power enpresa dago proiektuaren atzean.

Zure interesekoa izan daiteke: Euskadiko parke eolikoen erradiografia

Atzo, berriz, beste bi parke egiteko eskariak argitaratu ziren EHAA aldizkari ofizialean, biak Araban eraikitzeko, Gasteiz inguruan. Horietako batek, 6 aerosorgailu izango lituzke (30 MW-eko potentzia), eta Burgu, Barrundia, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga herrietako lurrak hartuko lituzke. Savanna Power Solar da eskaera aurkeztu duen enpresa.

Beste parkea, berriz, 5 haize-sorgailuk osatuko lukete (30 MW-eko potentzia), eta Kuartango, Zuia, Gasteiz eta Badaiako eremuan egitea dago aurreikusita. Enigma Green Power da bultzatzailea.

Egun, Euskal Autonomia Erkidegoan lau parke eoliko daude martxan —Badaian, Oizen, Elgea-Urkillan eta Bilboko Portuan—, eta beste dozena bat inguru izapidetze fasean daude. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Energia berriztagarriak Energia aurreztea Energia