Ekonomia -
Ameriketako Estatu Batuak
Erreserba Federalak interes tasei eutsi die, baina aurten jaitsierak izango direla iragarri du
Tasak % 5,25-5,5ean geratuko dira, horrenbestez. Martxoan, erakundearen hurrengo bileran, beherakada egongo denik baztertu du Powellek.
Agentziak | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalak bere horretan (% 5,25-5,5) utzi ditu interes tasak, baina iragarri du aurten jaitsieraren bat egiteko prest dagoela, betiere ekonomiak bilakaera egokia badu.
Bi eguneko bileraren ondotik hartu dute erabakia AEBko finantza erakundeko batzorde federaleko kideek, aho batez. 2001etik geroztik ezarritako maila altuenean daude tasak.
Jerome Powell Erreserba Federaleko presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, martxoan dute hurrengo bilera (hilak 19 eta 20), baina ez dute espero ordurako jaitsiera bat iragartzeko "konfiantza maila egokia" egongo denik. Aurrerago, baina, tasek behera egingo dutela baieztatu du, hori bai.
Powellen esanetan, AEBko ekonomia eta lan merkatua "sendo" daude, eta inflazioak sei hilabete daramatza "datu onekin, aurreikuspen hobeekin, gainera".
"Egoera ona da", berretsi du. Aurrera begira, "datu on horiek jarraipena izatea behar dugu", interes tasak jaistea bada helburua.