Ekonomia -
Txalin parajea
Donostiako Udalak helegitea jarriko dio Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta legez kanpokotzat jo duen epaiari
Eneko Goia alkateak azaldu du udal zerbitzu juridikoak errekurtsoa "nola" joango den aztertzen ari direla. Goiaren hitzetan, epai judiziala eraikinaren "itxurara mugatzen da; ez da eraistea agintzen, eta ez da zalantzan jartzen eraikigarritasun-eskubidea".
EITB Media
Donostiako Udalak helegitea jarriko dio Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak Igeldo auzoko Txalin inguruan dagoen txaleta eraikitzeko lizentzia legez kanpokotzat jo zuen epaiari. Txaleta Xabi Alonso Realeko eta Real Madrileko jokalari ohiarena eta Bayer Leverkuseneko egungo entrenatzailearena da, eta Tavaro XXI S.L. enpresak eraiki zuen.
Gobernu Batzarraren osteko prentsaurrekoan, Eneko Goia Donostiako alkateak esan du udal zerbitzu juridikoak aztertzen ari direla errekurtsoa "nola" joango den.
Donostiako alkateak gogorarazi duenez, 2006an, Donostiako Martutene auzoko baserri bat "nahitaez" desjabetu zen abiadura handiko trenaren lanak zirela eta, eta, ondorioz, eraikigarritasun-lizentzia eman zen Igeldoko Txalin eremuko lursailean. Txaleta eraikitzeko lizentzia 2016an eman zen hasiera batean, eta bi urte geroago aldatu zuten.
Goiaren ahotan, Haritzaldek eta Ieltxo Kultur Elkarteak aurkeztutako helegitearen ostean, epai judiziala eraikinaren "itxurara mugatzen da, zehazki, estalkiaren formara", eta, beraz, "desadostasun teknikoa" da, teilatuak "bi, hiru edo lau isuri" izan behar ote dituen. "Hori da lizentzia bertan behera uzteko arrazoi bakarra", ondorioztatu du.
"Hori da eztabaida, ez da eraistea agintzen, eta ez da zalantzan jartzen eraikigarritasun-eskubidea", errepikatu du.