Ekonomia -
Mobilizazioak
Laborariek A-63 autobidearen blokeoa, Baiona parean, ostiralera arte mantentzeko asmoa dute
Bi sindikatuk deituta, protesta egiten ari dira laborariak. Traktoreekin, kamioiekin eta bestelako oztopoekin Aturri ibaiaren zubia trabatu dute. Jaurlaritzak muga itxi du kamioientzat AP-8ko Irungo ordainlekuaren parean, Baionako noranzkoan.
EITB MEdia
Ipar Euskal Herriko eta Frantziako laborariek A-63 autobidea blokeatu dute gaur, bidean traktoreak, kamioiak, gurpilak eta lasto fardoak utzita. Ondorioz, pilaketa handiak sortu dira Baiona parean, eta mugen arteko zirkulazioa etenda dago. Gainera, blokeoari ostiralera arte eusteko asmoa dute laborariek.
FDSEA (laborarien sindikatuaren departamentuko federazioa) eta JA (laborari gazteak) sindikatuek antolatu dute protesta, sektorea "hilzorian" dagoela eta, Frantziako Gobernuari neurriak hartzeko eskatzeko. Soldata igoeraz gain, bestelako babes neurriak eskatu dituzte. Izan ere, kezkatuta daude Europatik trantsizio ekologikoaren harira hartuko dituzten neurriekin eta horiek sektorean izan dezaketen eraginarekin.
Zirkulazio arazoak kontuan hartuta, kamioiei muga ixtea ebatzi du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak. Ibilgailu astunek ezin dute AP-8ko Irungo ordainlekua igaro, Baionarantz.
Aurrez, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, egun guztia egon daiteke trabatuta autobidea, eta hala, jakinaren gainean jarri dituzte trafiko arloan eskumenak dituzten EAEko agintariak, neurriak hartze aldera.
Izan ere, kamioi eta auto ilara luzeak espero dira arratsaldera arte. Goizean 20 kilometrokoak ere izan dira pilaketak. Pirinio Atlantikoen Prefekturak A-63 autobidea saihesteko deia egin du, eta zirkulazioa beste errepide batzuetatik bideratu du:
Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantziako beste hainbat lekutan ere egin dituzte manifestazioak nekazariek. Okzitanian, Pamiers udalerrian, protestan ari zen laborari bat eta horren 13 urteko bere alaba hil dira, auto batek harrapatuta. Antza, auto bat itxitako errepide batean sartu da abiada bizian, eta errepidea blokeatzen ari zen lasto fardo baten kontra egin du; bete-betean harrapatu ditu han ziren manifestariak.
Zendutako emakumea FDSEA sindikatuko kidea zen, sindikatuak berak baieztatu duenez. Bikotekidea larri zaurituta dago.
Ertzaintzaren gomendioak Biriatuko itxieren aurrean
AP-8 autobidetik Frantziarako mugan gerta daitezkeen aldizkako mozketak direla eta, Ertzaintzak erabiltzaileei informatzeko eta bide alternatiboak bilatzeko gomendatzen die, bide hori erabiltzea saihestuz.